Galdera

 

“ez… ez…” egitura: nola erabili?


Data: 2019/02/18



Erantzuna

 

1/ Informazioa Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-IV (juntagailuak) (EGLU-IV) gramatika liburutik atera dugu (81.-84. or). Saiatuko gara lerro nagusiak ekartzen.

 

2/ Bi aukera daude bi sintagma “ez… ez…” (“bai… bai…”) egituren bidez juntatzeko:


a/ Sintagmen ondoren jartzea:

Iñakik BAI, ETA Maitek ERE BAI.

Iñakik EZ, ETA Maitek ERE EZ.

 

b/ Sintagmen aurrean jartzea:

BAI Iñakik, BAI Maitek.

EZ Iñakik, EZ Maitek.

BAI Iñakik, ETA BAI Maitek (ERE).

EZ Iñakik, ETA EZ Maitek (ERE).

 

3/ Ez dira zuzenak egitura banakarietan honako hauek:

·         BAI… EDO…” → “BAI… BAI…”

·         BAI… ZEIN…” → “BAI… BAI…” / “… ZEIN…”

·         NAHIZ… ZEIN…” → “NAHIZ… NAHIZ…” / “… ZEIN…”

 

4/ Nola puntuatzen dira? Ikus EIMAren Puntuazioa liburukia (62. orrialdea).

·         Bi osagaiak komak bereiztea da jokabide zuzenena (mendeko perpaus baten barruko sintagma beregaina ez badira, noski).

EZ Iñakik, EZ Maitek

EZ Iñakik, ETA EZ Maitek (ERE)

·         Eta aurretik edo atzetik jarri behar da komarik-edo? Hori erabakitzeko, ikusi behar dugu zer gertatuko litzatekeen osagai bat baino ez balego:


OINARRIZKO ESALDIA

KOMA BAI/EZ

ESALDI KONPLEXUA

Iñakik ez luke egingo.

(Komarik gabe)

EZ Iñakik, EZ Maitek ez lukete egingo

Neguan, sekulako hotza egiten du Patagonian.

(Komarekin)

BAI neguan, BAI udazken hasieran, sekulako hotza egiten du Patagonian.

Ez naiz etorriko bihar.

(Komarik gabe)

Ez naiz etorriko EZ bihar, EZ etzi.

Ez naiz etorriko bihar, zurekin behintzat.

(Komarekin)

Ez naiz etorriko bihar, EZ zurekin, EZ Anarekin, behintzat.

 

Beraz: Pakistango hamaika urteko neska etorri zaigu eskolara, ez euskaraz, ez gaztelaniaz, ezta ingelesez ere ez dakiena.