Galdera

 

Gogoratu, pentsatu, ohartu…: ZUTAZ ala ZUREKIN?


Data: 2019/02/19



Erantzuna

 

pentsatu ZUGAN, ZUTAZ, ZUREKIN

ohartu ZUTAZ

 

1/ Gure datu basean, deskribatuta dago nola erabili maitemindu, gustatu, fidatu eta gogoratu aditzak horrelako objektu bat hartzen dutenean. Beste dokumentu batean helaraziko dizugu informazio hori.

 

2/ Pentsatu

2018an, Euskaltzaindiaren mendeurrena ospatzeko, Euskara Batuaren Eskuliburua argitaratu zen. Bertako item bat aldatuko dizugu ona:


pentsatu

Zugan pentsatu eta zutaz pentsatu egiturak, biak, zuzenak eta egokiak dira, biak erabili izan baitira euskararen tradizioan. Ahozko erabileran, zurekin pentsatu egitura ere erabiltzen da.

Bere buruan pentsatu eta bere burua(ren)gan pentsatu egiturak ere zuzenak dira, eta maiz ageri dira euskal literaturan: nork bere buruan pentsatzen zuelarik, bere burura erakarriko duela kaltea... / gaixoa bere buruagan pentsatzen, bere buruaganako amodioa, bere buruagan fidatua aurkitu...


Gehiago jakiteko

EUSKALTZAINDIA (1991). Euskal Gramatika. Lehen Urratsak I (EGLU I). Bilbo: Euskaltzaindia (289, 291).

—(2001). "Zugan/zutaz pentsatu", Jagonet galde-erantzunak.

—(2012). "Pentsatu: bere buruan pentsatu, bere buruagan pentsatu", Jagonet galde-erantzunak.

 

Badirudi, beraz, hiru forma horiek zuzenak direla, seguruenik zein bere esparru geografikoan (euskalkian edo hizkeran).

 

3/ Ohartu

Jo dezagun oraingoan Euskaltzaindiaren Hiztegira:

 

ohartu, ohart/ohartu, ohartzen

1 da ad. Adimenaren edo oharmenaren bidez gauzaren batez jabetu. (Osagarritzat -z atzizkia hartzen duen izen sintagma bat, adierazpen-perpaus osagarri bat edo zehar-galdera bat har dezake). Ik. konturatu; erreparatu 2. Ez da horretaz ohartu. Ohartu naiz ona dela. Aurki ohartuko baitzarete ilun zirudiena kristala bezain argia dela. Orduan ohartu zen gizon hura bere aita zuela. Kontu hartzen zeuden soldaduak ezertaz ere ez ziren ohartu. Ez zara ohartzen zer den? Ohar daitezela non dabiltzan edo nora doazen. Arras zahartzen eta ezintzen ari zela oharturik. Ondo ohartu gabe bekatu egiten denean. Abimelekek, zertan zebiltzan ohartu, eta aurrea hartu zien. Etsaiak zeuden tokira gauaz, inor ohartu gabe, sartu zen. Ez ote garen, ohartu gabe, paganoak bezalakatzen ari.

2 zaio ad. Ipar. Hitzekin esan edo adierazi nahi dugunari ohartu behar gatzaizkio. Ez natzaio ohartu. Ez zitzaion ohartu emaztekiaren beldurrari. Artzaina bazihoan, deusi ohartu gabe. || Jakintsu arrotzak ohartuago zaizkio guhaur baino gure mintzairari.


Beraz, hiru motatako osagarriak hartu ditzake ohartu aditzak:


a/ ZERTAZ kasuko sintagma bat: Erregearen ibilera kaxkarraz ez zen inor ohartu. Beraz, izatekotan, ZUTAZ ohartu da aukera bakarra. Adibide gutxi batzuk aurkitu dugu literaturan horrela deklinatutako objektu bizidunekin; hona hemen haietako lau:


Txukundu, usain-gozatu eta soinekorik ederrenaz jantzi zaitez. Zoaz gero, garagarra garbitzen ari den lekura. Ez bedi, ordea, zutaz ohartu jate-edatea bukatu arte. (Elizen arteko Biblia, Askoren artean, Idatz, 2004)

Zoritxarrekoak beren asmoak Jaunari ezkutatzen dizkiotenak! Ilunpetan ari dira azpilanean, esanez: "Inork ez gaitu ikusten. Inor ez da gutaz ohartzen".(Elizen arteko Biblia, Askoren artean, Idatz, 2004)

Ez nituen urrats batzuk baizik egin, eta horra non, dela nitaz ohartua zelako, dela halako izu sentimendu lauso bat izan zuelako, entzun nion nola ibilera azkartu, eta bere gelan sartu baino gehiago barnera oldartu eta atea hersten zuen. (Harreman arriskutsuak, Choderlos de Laclos / Jon Muñoz, Ibaizabal, 1997)

Hizketan ari zela, Lady Madeline (halaxe deitzen baitzen arreba), gelaren bestaldetik igaro zen poliki - poliki, eta, nitaz ohartu ere gabe, desagertu zen. (Kontakizunak, Edgar Allan Poe / Koro Navarro, Ibaizabal, 2000)


b/ Adierazpen perpaus osagarri bat (konpletiboa): Erregeak ibilera kaxkarra zeukala ez zen inor ohartu. Beraz, (ZU) sartu zinela ohartu ziren.

c/ Zehar galdera bat: Ez zen inor ohartu nola zebilen erregea.