Galdera

 

-TZERAKOAN’ / ‘-TZEAR’ / ‘-TZEKO ZORIAN: baliokideak dira?

 

Data: 2019/03/11



Erantzuna

 

Ez (baina…)

 

1/ ‘-TZERAKOAN

Informazio hau Euskara Batuaren Eskuliburutik atera dugu (-t(z)ean, -t(z)erakoan, -takoan ataltxotik)

Aditz-izenezko -t(z)ean eta -t(z)erakoan egiturek denbora-aldiberekotasuna adierazten dute (aldiberekotasuna = denbora berean gertatzen dira mendeko perpauseko gertakaria eta perpaus nagusikoa). Denbora berean gertatze horretan, ordea, ñabardurek zeresana dute: izan daiteke gertakariaren hasierako unean izatea aldiberekotasuna; izan daiteke gauzatzen ari den une guztian izatea, edo izan daiteke amaierako unean izatea.

 

Honela erabiltzen dira -t(z)ean, -t(z)erakoan, -takoan formak:


Zerbait gertatzera doanean

-T(Z)ERAKOAN

-T(Z)EAN

Zerbait gertatzen ari den bitartean

-T(Z)EAN

-T(Z)ERAKOAN

Zerbait gertatu eta segituan

-TUTAKOAN

-T(Z)EAN

 

Zure adibidea erabiltzearren:


Trenera sartzera zihoanean, liburua erori zitzaion.

1.     Trenera sarTZERAKOAN, liburua erori zitzaion.

2.     Trenera sarTZEAN, liburua erori zitzaion.

Trenera sartzen ari zenean, liburua erori zitzaion.

1.     Trenera sarTZEAN, liburua erori zitzaion.

2.     Trenera sarTZERAKOAN, liburua erori zitzaion.

Trenera sartu zenean, liburua erori zitzaion.

1.     Trenera sarTZEAN, liburua erori zitzaion.

2.     Trenera sarTUTAKOAN, liburua erori zitzaion.

 

Ikusten duzunez, bada mendeko denborazko perpaus horiek guztiak osatzeko forma ez-markatu bat: -TZEAN.

Zure kontsultako -TZERAKOAN, berriz, lehen bi adieretan erabili dezakezu, baina jatorriz “zerbait gertatzera doanean” adierazteko balio zuen.

Eta “zerbait gertatu eta segituan” adierazteko, -TUTAKOAN da forma markatua.

Hauek benetako mendeko denborazko perpausak eraikitzeko balio dute; hurrengo biek, berriz, aditz perifrasiak osatzen dituzte: beti behar dute egon/izan aditza (edo ukan/eduki). Denbora kutsua badute noski, baina moduzkoak dira hertsiki mintzatuz, galdera hori erantzuten baitiote: “NOLA (dago)?”

Hiltzear dago / Hiltzeko zorian dago

 

2/ ‘-TZEAR’

Informazio hau Euskara Batuaren Eskuliburutik atera dugu (-t(z)ear ataltxotik)


Gertatzeko puntuan dagoen baina oraindik gertatu ez den zerbait adierazten du -T(Z)EAR menderagailuak. Denbora-adiera du, beraz. Ekialdeko euskalkietan erabili izan da batik bat tradizioan, baina asko hedatu da euskara batuan ere.

Aditz-perifrasiak osatzen ditu:

- da erregimeneko aditzekin, <-T(Z)EAR + IZANEGON>. Gaixo hori hiltzear da(go). Gu irten ginenean, elurra hastear zen/zegoen.

- du erregimenekoekin, <-T(Z)EAR + UKANEDUKI>. Zuk emandako liburua irakurtzear dut/daukat. Irteteko garaia iritsi zenean, lana bukatzear nuen/neukan.

 

Baliokideak ditu -t(z)eko zorian (Hiltzeko zorian zegoen); -TU BEHARREAN/BEHARRIK (Ito beharrean zebilen); -TU HURREN/HURRAN (Film hori amaitu hurren da. Hil hurran zegoen).

 

3/ ‘-TZEKO ZORIAN’

Informazio hau Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-VII (Perpaus Jokatugabeak) liburutik atera dugu (353.-354. or.).

Aditz mendekoaren gertaera bukatzeko unean edo bukatzetik hurbil dagoela adierazteko erabiltzen da molde hau. Semantikoki, beraz, -TU HURRAN moldearen baliokidetzat jo liteke.

Patu txarra adierazten duten aditzekin erabiltzen da batez ere: hil, ito, hondatu, galdu, amildu, lehertu, erori, hondoratu

Batez ere Hegoaldeko tradizioan erabili izan da molde hau. Hona adibide batzuk:

·         Kristautasuna ondatzeko, itotzeko, galtzeko zorian zebiltzan (Larramendi, San Agustinez, 9).

·         Iltzeko zorian eta perillean jarten bada (Ubillos, Cristau doctriñ berriecarlea, 183).

·         Ez du ekusten nola arkitzen dan betiko su eta garren artera amiltzeko zorian (Aguirre Asteasukoa, Eracusaldiac I, 402).

Iparraldeko tradizioan, Duvoisinek, Haranederrek, Mirandek eta Xalbadorrek baizik ez darabilte -TZEKO ZORIAN forma:

·         Urkhatzeko zorian balinbanintz (Duvoisin, Liburu ederra, 123).

·         Haren bizia zena galtzeko zorian ez ifintzeko (Mirande, Haur besoetakoa, 77).

 

4/ Beraz, zure adibidearen kasuan:


·         Trenera sarTZERAKOAN, liburua erori zitzaion.

·         Trenera igoTZEAR zegoela, liburua erori zitzaion.

·         Trenera igoTZEKO ZORIAN, liburua erori zitzaion. (Ez da komeni kasu honetan erabiltzea, igo aditzak ez du-eta adierazten patu txarra).