Galdera

 

'Lauretan/Lauetan (hartuko zaitut)': zein da zuzena?


Data: 2019/03/12



Erantzuna

 

Lauretan

 

 

1/ 1994an plazaratu zuen Euskaltzaindiak “Zenbakien deklinabideaz” araua, bereziki hiru eta lau zenbakien deklinabidea finkatzeko.

Laburbilduz, hau dio lau zenbatzaileari dagokionez (hiru zenbatzaileari dagokiona berdin-berdina da):

a) Lau izena denean, bokalez bukatzen diren gainerako beste edozein sintagma bezala deklinatuko da: lau, laua, lauak (abs); lauk, lauak, lauek (erg), e.a.

b) Izenordain baten funtzioa duenean (alegia, sintagma berak bakarrik osatzen duenean), honelaxe deklinatuko da:

mugagabea

plurala

lau

laurak

lauk

laurek

lauri

laurei

laurik

----

lautan

lauretan

lautako

lauretako

lautatik

lauretatik

lautara

lauretara

lauren

lauren

laurekin

laurekin

laurentzat

laurentzat

laurez

laurez

c) Hau lau zenbakiari bakarrik dagokio eta ez hamalau, hogeita lau, berrogeita lau eta gainerakoei, hauen pluraleko deklinabidea hamalauak, hogeita lauak, berrogeita lauak, e.a. baita. Adibidea: Atzoko laurak etorri ziren, baina beste hamalauak etxean geratu ziren.

d) Analogiaz sortu diren seirak, zazpirak, zortzirak eta horrelakoak bigarren mailan utzi beharko lirateke euskara idatzian, hauek bokalez bukaturiko izenak bezala deklinatzen baitira: seiak, seietan, seietatik, e.a.


2/ 1995ean, berriz, “Orduak nola esan” araua plazaratu zuen Euskaltzaindiak. Bertan esaten da ordu zehatzak direnean…

 Orduak honela ematen dira: ordu bata, ordu biak, hirurak, laurak, bostak, seiak, zazpiak, e.a. Ordu hitzaren ordez oren ere erabil daiteke: oren bata, bi orenak / biak, hirurak, e.a. Eta honela deklinatu: ordu batean, bietan / ordu bietan / bi orenetan, hiruretan, e.a.

Beraz, pluralean deklinatu behar dira XX:00 orduak (ordu bata izan ezik, noski): lauaren kasuan, lauretan, lehen puntuan adierazi bezala.

 

3/ Zergatik hirurak eta laurak, baina seiak, zazpiak, zortziak?

Hiru eta lau zenbakien jatorrizko formak, antzinako euskararenak, hirur eta laur zirelako.

 

4/ Orduan, noiz esan daiteke euskara batuan lautan eta noiz lauetan?

a/ Lautan: izen edo zenbatzaile mugagabea denean.

·         Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroa modalitate eta maila guztietako finalerdietan izango dira, Arabak 12 finalerdietan hartuko du parte, eta Errioxak lautan. (Berria)

·         Lautan atzeratu dituzte bozen eguna segurtasun eta antolaketa arazoak zirela eta. (Berria)

·         Guraso bakarreko bost familiatik lautan emakumea da buru (&percent; 81). (Berria)

·         Lautan tolestutako orria lisatu bezain pronto ekin zion irakurtzeari. (Ordaina zor nizun, Joxemari Urteaga)

b/ Lauetan: pluralean deklinatutako zenbakiaren izena denean (oso testuinguru bakanetan, beraz).

·         (haurtxoentzako ariketa) “Seietan, erabili kolore beltza; lauetan, berriz, erabili sei kolore desberdin”. → (lauetan = lau izeneko zenbakietan)