Galdera


Laburdurak: nola eman euskaraz “AA.VV. (autores varios)?

 

Data: 2019/03/29



Erantzuna

 

“Zenbaiten artean” / “Zenbait egile”


1/ Egile bakar bat ere aipatzen ez denean, erantzun laburrean emandako bi formula horiek dira egokienak: Zenbaiten Artean edo Zenbait Egile. Eta ez dago horien laburdurarik.

Adibide batzuk jarriko dizkizugu EIMAren Ortotipografia liburutik [39. or.] eta Berria egunkariaren estilo-liburutik hartutakoak:


Zenbaiten Artean: Itzulpen antologia, EIZIE, Donostia, 1998.

Zenbaiten Artean: El sexe de la notícia. Reflexions sobre el gènere a la informació i recomanacions d’estil, Bartzelonako Diputazioa, Bartzelona, 1999

Zenbaiten Artean: Redacción para periodistas: informar e interpretar. Ariel, Bartzelona, 2004.


2/ Edozein modutan, egokiena eta ohikoena da autore bat gutxienez aipatzea: egile nagusia, koordinatzailea, editorea… Halakoetan, nazioarteko latinezko formula erabili dezakegu: [et al.] (et alii); edo euskarazko hauetakoren bat: [eta beste] / [eta beste batzuk].

Oraingoan, IVAPen Galdezka liburutik [303. or.] eta Mondragon Unibertsitatearen web orritik ekarri ditugu adibideak:


Gorrotxategi, Henry… [et al.]

Argote, Maite… [eta beste]

Beer, Ferdinand P. eta beste batzuk


Bi edo hiru izen baino ez badira, guztiak jarriko ditugu:

Alzola, Jesús Ángel; Balzategi, Félix; Urteaga, José Rufino

 

3/ Bide batez, ohartu zein hurrenkeratan ematen diren datuak.


Arratibel, Joxe: Kontu zaarrak, Editorial La Gran Enciclopedia Vasca, Bilbo, 1980.

Zubimendi, Joxe Ramon; Esnal, Pello: Idazkera-liburua, Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, Gasteiz, 1993.

Izengabea: De Geographia [Anonymus Ravenatis], Paris, 1688.