Galdera

 

Azentua: zein da azentu jatorra euskaraz?


Data: 2019/03/29



Erantzuna


(ikus behekoa)

 

1/ Hona zure mezua:

«Azkenaldian atentzioa ematen dit azentuaren gaiak. Aurrena abizenak eta herri-izenak erdal doinuarekin esaten direla jabetu nintzen. Pertsonen izenak ere (Olátzek, nik Ólatzek...) eta hitz pila batean (íntxaurra nik, intxaúrra gehienek; ésnatu eta esnátu; kórrika eta korríka... Osó ondó eta óso óndo...

Gehienek ematen dioten doinua nagusituko da, baina jakin nahi nuke guk euskaldun zaharrengandik jaso deguna al den jatorrena ala biak. Erderaren eraginez aldatu al du jendeak ala batuan egitean aldatzen dute?

Badakit euskalkiaren arabera ere aldea dagoela...»

 

2/ Mezu elektronikoan esan bezala, tesi bat ere osatu liteke zure kontsulta ganoraz argitzeko. Eraginkorrak izatearren, baina, oraingoan behinik behin, erreferentzia bat baino ez dizugu emango iturri modura: EIMAren estilo liburuaren parte den Ahoskera liburukia. Bertatik atera dugu doakizun informazio gehiena.

Liburuxka horretan, 46. orrialdetik aurrerakoa dagokio azentuari, baina haiek bezain interesgarriak dira, guztiz lotuta baitaude zure kontsultarekin, 38.-46. orrialdeak, esaldiaren erritmoari eta intonazioari dagozkionak, hain zuzen ere.

 

3/ Zergatik da hain auzi zaila euskal azentuarena? Hona gure ustez bi arrazoi nagusiak:


.  Inguruko erdaretan, guztiz desberdina da azentua. Gaztelaniaz, hitz bakoitzak (atonoetan izan ezik) bere indarrezko azentua dauka silabetako batean, eta esanahiak bereizteko balio du: cántara/cantara/cantará; depósito/deposito/depositó; sábana/sabana… Frantsesez, berriz, azken silaban dago beti indarrezko azentua; beraz, azentuak ez ditu esanahiak bereizten. Euskararen azentua ez da haiek bezain nabarmena, tokian tokiko salbuespenak gorabehera: horrexegatik da hain zaila zehazten.


.  Azentu molde asko garatu dira euskaran. Batetik, asko aldatu omen da Erdi Arotik hona, adituek diotenez (asko sinplifikatuta, esan genezake gaztelaniazkoaren traza zeukala ordukoak; esaterako, abere+bideaberebídeabelbíde (gaur egun, berriz, abélbide esango genuke gehienok). Bestetik, esan genezake hizkera bakoitzak berea duela: desberdinak dira Arrigorriagako, Tolosako, Sarako eta Altzürüküko azentuak; baina baita Arrigorriagako, Zeanuriko, Lekeitioko eta Elorrioko azentuak ere, bizkaieraren eremuko batzuk aipatzearren. Hori gutxi balitz bezala, gutako bakoitzak aldatu egiten du azentua, zein den egoera komunikatiboa, elementu jakin bati enfasia eman nahi dion…


.  Oztopo horiek direla eta, Euskaltzaindiak ez du inolako jarraibiderik eman azentuaz. Baina etorriko zaigu inoiz, Ahoskera Batzordeak paratua, “Ahoskera zaindua” (87. araua) plazaratu zuen bezala.

 

4/ Zein molde nagusituko da?

“Gehienek ematen dioten doinua nagusituko da”, diozu kontsultan. Baina, zein doinu emango diote gehienek? Gure ustez, oso garrantzitsua izango da zer-nolako esatariak egongo diren lanean gure irrati-telebistetan, haiek markatuko baitute zein doinuera izango den prestigioduna.

Hala, bada azken urteotan euskaldunok egoki eta natural hauteman eta hartzen dugun azentu molde jakin bat ere, honela laburbil daitekeena: bigarren silaba (+2) eta azkenekoa (–1) nabarmentzen ditu, azken silabaren azentua ahulagoa delarik. Hau da horren eskema: (+2, –1). Adibidez:

 

<Iturria da.>

<Iturritik dator. >

(zenbait)[i.túrri]

[i.tú.rri.à]

[i.tú.rri.kò (ura)]

[i.tú.rri.e.ta.kò (ura)]

[i.tú.rri.a.dà]

[i.tú.rri.tik.da.tòr]

<hamahiru emakume>

[(h)a.má.(h)i.rù]

[(h)a.má.(h)i.ru-e.ma.ku.mè]

 

 

5/ Zein da azentu molde jatorrena?

Gure ustez, azentu molde bat baino gehiago dira jatorrak. Tokian tokiko euskaldun zaharrengandik familian jaso dugun moldea, aldaerak aldaera, jatorra da: eredu hori hartu behar luke tokian tokiko edozein euskaldun berrik ere, askotariko egoera komunikatiboetara egokitutako solas biziak eta adierazkorrak izateko.

Ahoskera liburuan deskribatzen den azentu moldea (nagusitzen ari dena) ere guztiz jatorra da, ezin diogu inolako aitzakiarik jarri. Euskaldun berriek horixe hartuko balute, ederto! Bide batez esanda: nagusitzen ari den moldea urrundu egiten da zenbait kasutan zuretik (fijatu zaitez).

 

6/ Zein ez da jatorra?

Gaztelaniaren eraginez (ez euskara batuaren eraginez!), bestelako moldeak zabaltzen ari dira, molde jatorrekin bat ez datozenak. Gure ustez, eskolan-eta ahalegin handia egin beharko genuke horiek lehenbailehen baztertzeko.

Hona ezaugarri batzuk:

.  [Galdegaia + aditza] unitate foniko batean eman behar dira (hurrenkera horretan, behinik behin). Hala, intonazioan indarra eman behar zaio galdegaiari eta esaldiaren doinuak beherantz egiten du. Hiztun batzuek, ordea, apurtu egiten dute katea!

Eredu ona: (Nor etorriko da bihar ikastetxera?) → Alazne etorriko da bihar ikastetxera.↓

Eredu txarra: (Nor etorriko da…?) → Alazne↑ etorriko da bihar ikastetxera.↓

.  Gaztelaniaz, hitz gehienek (–2) azentua daukate: paroxitonoak dira (palabras llanas, erdaraz); azentu hori erabiltzen dute askok euskaraz hitz egitean ere, zoritxarrez. Oso nabarmena da, kontsultan diozun bezala, deituretan eta leku izenetan, baina ez horietan bakarrik:

Eredu ona:

E.lán.txo.be

Goi.zú.e.ta

A.rís.ton.do

Gar.mén.di.a

Eredu txarra:

E.lan.txó.be

Goi.zué.ta

A.ris.tón.do

Gar.mén.dia

 

 

 

 

 

Eredu ona:

ha.gín.la.ri.a

am.nís.ti.a

i.kás.to.la

as.ká.ta.su.na

Eredu txarra:

ha.gin.lá.ria

am.nis.tí.a

i.kas.tó.la

as.ka.ta.sú.na

 

.  Euskaraz, azentu unitatea ez da hitz soila, baizik kate fonikoa edo ahots-kolpe batean ematen den sintagma. Hala, aldatu egin daiteke azentua, hitz bakoitza zein sintagmaren barruan dagoen. Hiztun batzuek, berriz, gaztelaniaz hitz bakoitzak bere azentua duenez, hitzez hitz jartzen dituzte azentuak:


Eredu ona:

jó.si

jo.sí.di.zut

hé.rri

he.rrí.ho.ne.tan

Eredu txarra:

jó.si

jó.si.dí.zut

hé.rri

hé.rri.ho.né.tan