Galdera

 

'Etzazu aukera galdu, egizu ikasketak atzerrian': zuzena da? 

 

Data: 2019/05/24



Erantzuna

 

Euskara batuan (beraz, erregistro formalean), honela behar du:

 

• “Ez ezazu aukera galdu: atzerrian egitzazu ikasketak.”

• “Ez ezazu aukera galdu: egitzazu ikasketak atzerrian.”

• “Ez ezazu aukera galdu: egin ikasketak atzerrian.”

 

1/ Etzazu

 

Euskaltzaindiak dio agintera formetan ez adberbioa bereiz idatzi behar dela beti euskara batuan: ez ezazu, ez ezazue, ez ezak, ez ezan…, eta ez lotuta: etzazu, etzazue, etzak, etzan

 

Beste kontu bat da nola ahoskatzen diren horiek guztiak. Lagunarteko hizkeran, egokiak eta zuzenak dira [etzazu] eta hura bezalako ebakerak, jakina; baina bestelakoa da ahoskera zaindu egokia: [ez ezazu].

 

Egia da karteletan-eta egokia izan litekeela lagunarteko hizkera baliatzea (eta, beraz, hura islatzen duen idazkera), baina zein forma aukeratu zuk zeuk erabaki behar duzu, faktore guztiak kontuan hartuta: hurbiltasuna adierazi nahi duzun, hizkuntzaren zuzentasunari ezinbestean erreparatu nahi diozun, mezua EHko zein lurraldetako ikasleentzat den…

 

2/ Egizu

 

Zuzena litzateke aditzaren objektua singularrekoa balitz. Baina, ikasketak plurala delarik, ezinbestekoa da komunztadura plurala.

 

Euskaltzaindiak (Txillardegik prestatu zituen taulak) 1979an argitaratu zuen Euskal Aditz Batua liburua, eta bertan daude jasota aditz trinko edo sintetiko guztiak, aditz laguntzaileekin batera (aditz laguntzaileak 78. arauan finkatuta dituzu).

 

Egia esan, zure kasuko aditza ez da berez trinkoa, baina denboraren poderioz jatorriz aditz perifrastikoak izan ziren batzuk fosilduz joan dira, aditz trinkoen formak hartzeraino. Aditz semisintetiko horien euskara batuko formak ere jasota daude Euskal Aditz Batua liburuan, eta, zalantzarik izanez gero, bertara jo behar duzu forma zuzena bilatzeko (136. or.):

egik/n       egitzak/n

egizu        egitzazu

egizue      egitzazue

 

Edonola ere, erantzun laburrean markatu dizugun bezala, aditz jokatua erabili beharrean partizipioa erabiltzea da beste aukera bat agintera adierazteko –gure ustez, oso egokia kasu honetan, aurreko aditza jokatuta baitoa–: egitzazuegin.

 

3/ Puntuazioa

 

“Ez ezazu aukera galdu” eta “Egitzazu ikasketak atzerrian” esaldiak dira, bakoitzak zentzu osoa baitu bakarrik joanda ere.

 

Gure galde-erantzunen datu baseko Puntuazioa: nola lotu behar dira esaldiak? artikulutxoan diogun bezala:

«Esaldiak lotzeko, ez da nahikoa koma soila jartzea, eta ez da nahikoa juntagailu soila jartzea.»

 

Beraz, komatik gorako puntuaziora jo behar dugu. Hiru aukera nagusi ditugu: puntua, puntu eta koma, eta bi puntuak. Haietako edozein erabilita, zuzena izango litzateke puntuazioa.

 

Guk, baina, hobetsi egingo genuke bi puntuak erabiltzea, bigarren esaldia –nola edo hala– lehenaren azalpena baita. Izan ere, esaldiak lotzean horixe adierazi dezakete bi puntuek, besteak beste (oso ohikoa da, halaber, kausa-ondorio edo ondorio-kausa erlazioa dagoela adieraztea).