Galdera

 

'60 urterekin' ala '60 urteekin': zein da zuzena? 

 

Data: 2019/05/27



Erantzuna

 

Biak dira zuzenak, baina esanahi desberdinak dituzte.

 

1/ Gogoratu nola deklinatzen diren izen arruntak NOREKIN kasuan:

 

Beraz, urte izenaren kasuan,


2/ Zer testuingurutan erabiltzen da urterekin?

 

Esate baterako, honelako adibideetan:

 

• 23 urte ditu, eta 22 urterekin hasi zen profesionaletan (Iruñeko Labriten jokatu zuen lehen partida). (gaztelaniaz, con 22 años, ez con los 22 años)

• Adimen ikusgarria ere bazuen: bi urterekin, oso erraz egiten zituen puzzleak; lau urterekin, 14 urtez gorakoentzakoak egiten zituen; bost urterekin, buruz zekizkien munduko herrialde guztien azalera, biztanle kopuru, hiriburu eta banderak; zazpi urterekin, datu horiek berak zekizkien, baina Norvegiako 430 herritakoak.

Zenbat urterekin bidali behar da haurra udaleku batera?

 

Aurreko hiru adibide horietan, ez litzateke zuzena mugatu plurala erabiltzea:

 

• Adimen ikusgarria ere bazuen: bi urteekin, oso erraz egiten zituen puzzleak; lau urteekin, 14 urtez gorakoentzakoak egiten zituen; bost urteekin, buruz zekizkien munduko herrialde guztien azalera, biztanle kopuru, hiriburu eta banderak; zazpi urteekin, datu horiek berak zekizkien, baina Norvegiako 430 herritakoak.

• 23 urte ditu, eta 22 urteekin hasi zen profesionaletan (Iruñeko Labriten jokatu zuen lehen partida).

Zenbat urteekin bidali behar da haurra udaleku batera?

 

3/ Orduan, nolako testuinguruetan agertu daiteke (60) urteekin?

 

Urteekin, bera bakarrik, maiz aurkituko duzu zuzen erabilita:

 

• Pertsonak gero eta urte gehiago bizi gara, eta neuronak zahartu egiten dira urteekin. (gaztelaniaz, con los años)

Urteekin, erradikalago bilakatu zen Jassin, eta 1987ko abenduan Hamas sortu zuen, lehen Intifadaren garaian.

 

Eta zenbatzaile bat aurrean duela:

 

• Matrikulan beherakadatxo bat nabaritu dugu aurten, aurreko bi urteekin alderatuta. (gaztelaniaz, con los dos años anteriores)

• Bizitzako lehen zazpi urteekin dute zerikusia bilakaera horiek. (gaztelaniaz, con los siete primeros años)

• Hasieran urduri zegoen, baina halako batean, bere 93 urteekin, altxatu eta panderoa jotzeari ekin zion. / Zure 60 urteekin, eta oraindik meategian lan egin behar!