Galdera

 

'Bagara' eta 'gara': zein da aldea? ('Araban bagare' kantuaren kontura)  

 

Data: 2019/05/24



Erantzuna

 

 

Bagara: galdegaia = bai; aditz nagusia = gara


1/ Ba- aurrizkia, noiz?

 

Jakina, baldintza perpausetan erabiltzen da ba- aurrizkia (“Dinamika maltzur batean sartzen bagara, denok ordainduko dugu.”), baina hori ez da kontsulta honen muina.

 

Aditzaren baietza galdegai denean, eta aditza trinkoa denean, ezinbestean jarri behar zaio ba- aurrizkia: bagoaz, badakigu, badaukagu, bagara

 

Beraz, galdegai desberdinak dituzte esaldi hauek; hau da, zeinek bere galderari erantzuten dio:

 

Guztiok gara euskaldun ← (NOR gara euskaldun?)

• Guztiok anaiak gara ← (ZER gara guztiok?)

Bagara geure etorkizunaren jabe ← (gure etorkizunaren jabe gara: BAI ALA EZ?)

 

Honelako esaldietan erabili behar duzu:

 

• Gurasoak ez gara laguntzaile soilak; hezitzaileak ere bagara.

• Baina gu ere, nik ordezkatzen dudan alderdia eta koalizioa, bagara egoera horren biktima.

Bagara ala ez gara?

• Euskaldunok, gure hiru lurraldeetan (EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria), bagara zerbait.

 

2/ Kontsultan diozu Bittor Kapanagaren (letra) eta Gontzal Mendibilen (musika) Araban bagare kantu ezagunaren kontura sortu zaizula zalantza: zergatik bagare eta ez gare?

 

Uste dugu erantzuna aski sinplea dela:

 

Kapanagak erakutsi nahi zuen euskaldun guztiok, euskaraz hitz egitean berba bera modu (ez hain) desberdinetan emanda ere, gu sendo bat osatzen dugula. Horrexegatik aukeratuko zuen gara adizkia (+ gera, gare, gire).

 

Eta zergatik bagara? Agian, arrazoi bakarra da hiru silaba behar zituela, eta ez bi. Iruditzen bazaizu kantuak daukan magia ezabatu egin dugula erantzun horrekin, beste alternatiba bat emango dizugu: lehen lerroak daukan indarra aliterazioan dago:

 

Araban bagare

 

Ba ote beste arrazoirik? “Araban bagare” esaldia da, zentzu osoa hartzen duena, aurreko puntuan adierazi bezala: “Bai, bagara euskaldunak Araban (ere)”.


Araban bagare

Gipuzkun bagera

Xiberun bagire

Ta Bizkaian bagara

Baita ere, Lapurdi ta Nafarran.


Guztiok gara euskaldun

guztiok anaiak gara

Nahiz eta hitz ezberdinez

Bat bera dugu hizkera.


Bagare, bagera

Bagire, bagara

euskera askatzeko

oraintxe dugu aukera.


Herri bat dugu

osatzen

eta gure zabarkeriz

ez daigun utzi hondatzen.


Bagare, bagera,

bagire, bagara

Euskadi askatzeko

oraintxe dugu aukera.

 

Bide batez esanda, zalantzazkoa da kantuan aditzera ematen den banaketa dialektala. Euskaltzaindiaren Euskal Herriko Hizkuntza Atlasaren arabera, non esaten da gare eta non gire?