Galdera

 

Zein da zuzena: 'Euria hasi da' ala 'Euria hasi du'? 

 

Data: 2012/10/11



Erantzuna

 

Galdetu diguzu zein den bi hauetan zuzena: "Euria hasi da" eta "Euria hasi du".

 

Gure ustez, biak dira zuzenak. Beste kontu bat da bietatik zer erabilera nagusitzen ari den: badirudi fenomeno atmosferikoei erreferentzia egiteko ari du, hasi du eta antzekoak nagusitzen ari direla euskara idatzi estandarrean. Hurrengo lerroetan, ahaleginduko gara labur arrazoitzen.

 

1) Euskaltzaindiak, bere Euskal Gramatika. Lehen Urratsak - II liburuko "Aditzaren Sailkapena" atalean, hau dio:

 

"[...] Badira beste [aditz] batzuk benetako nork sintagmarik ez dutenak. Gutxi izanik ere, baditugu euskaraz zenbait aditzoin, laguntzailea nor-nork motakoa delarik, nork sintagmarik gabe azaltzen direnak:


1. euria hasi du

2. hotz handia egiten du

3. elurra ari du

4. eguna luzatu du

5. atertu du"

 

2) Egia da horiek guztiak badirela euskaraz, baina euria hasi da eta elurra ari da ere izan dira eta badira euskaraz, Orotariko Euskal Hiztegiak erakusten digun legez: hiztegi historiko horretan jaso dira euskaraz idatzi diren liburu esanguratsu gehienak, aro eta euskalki guztietakoak, eta bertan kontsultatuta jakin dezakegu nola-nork-non... erabili edo erabiltzen den hitz jakin bat. Horixe egin dugu, eta bilaketaren emaitza, oso luzea denez, mezu honi erantsita doakizu, adibide guztiak irakurri ditzazun (pazientzia eta umorea biltzen baduzu).

 

3) Badaukagu beste iturri bat jakiteko gaur egun nola erabiltzen diren berbak: Ereduzko Prosa Gaur (EPG). Bertan ikus dezakezu nola erabiltzen diren euskara modernoan hitzak beren testuinguruan. Hitz bat aukeratuz gero, hitz hori biltzen duen esaldia bistaratuko zaizu, eta xehetasun guztiak emango dizkizu aplikazioak: nork erabiltzen duen, nondik hartua den, eta abar. Eta halaxe egin dugu: euria hasi bilatu dugu (euria, hitz gisa, eta lema gisa hasi, 1eko distantziara). Agertzen diren 79 esaldietan, dezente maizago topatuko duzu hasi du, baina tarteka baita hasi da ere, berdin du idazlea nongoa den (Bizkaikoa, Ipar Euskal Herrikoa...), punta-puntakoa edo ez oso ezaguna, esaldia liburu batean edo prentsarako artikulu batean agertzen den... Aldatuko dizkizugu hona adibide batzuk.

 

Euria hasi zuen arte Miarritzek oso joko ikusgarria egin zuen, erasokorra eta hegaletaraino heltzeko asmoz.

Euria hasiko zela ematen zuen, eta horrek pozikago jarri ninduen, eta arreta berezia jarri nuen Josuren mikroa paratzean.

Euria hasi züzün (zizun = zuen + zuka alokutiboa) mezper arratsean.

Ber denboran euria hasi zen jautsahala.

 

Gure ustez, tokian tokiko erabilera bultzatu beharko zenukete aurrena, gehienbat Haur eta Lehen Hezkuntzetako Ikastetxe batean diharduzuenok: hau da, Kortezubin Kortezubikoa, Arroan Arroakoa, Igantzin Igantzikoa, eta Behaskane-Laphizketan, Behaskane-Laphizketakoa (euskal esaera zahar batek dioenez, "Donostian Donosti eta gorostian gorosti"); eta apurka-apurka erakutsi eredu estandarra. Oso garrantzitsua da EZ gaitzestea herriak erabiltzen duen forma bat eredu estandar horretakoa ez delako. Beste kontu bat da zer forma aukeratu Euskal Herri osorako testuliburu bat idazten dugunean, edo Berria egunkarirako artikulu bat...: horretarako, forma zuzenak (Hiztegi Batukoak) erabili behar dira, eta zabalduenak, oso lokalak ez direnak.