Galdera

 

Nola idatzi behar da: hurrengorarte ala hurrengo arte? beste batarte ala beste bat arte? hurrengo baterarte ala hurrengo bat arte

 

Data: 2012/01/27



Erantzuna

 

Zure esapide horietan, ARTE posposizioa bereiz idatzi behar da: HURRENGORA ARTE, BESTE BAT ARTE... Beste kontu bat da aurreko hitzak '-RA' atzizkia behar duen, edo jarri daitekeen..., edo artikulua jarri behar den edo jarri daitekeen..., euskara batuaren molde idatzian. Bada, antzeko galdera bat egin zuten Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta zerbitzura, eta hemen duzu zer erantzun zuten:

 

Data: noiz arte?


• Galdera


Zuzenak al dira "irailaren 7 arte" eta "irailaren 7ra arte" egitura biak? Eta zein da zuzena, "etzi arte" ala "etzira arte"? Bestetik, nola irakurri behar da "7 arte": "zazpia arte" ala "zazpi arte"?


• Erantzuna


Euskaltzaindiaren 37. arauak, "Data nola adierazi" izenekoak, azalpeneko testuan, ontzat ematen ditu "otsailaren 24tik 27 arte" eta "urtarrilaren 5etik 7ra"; baina hor arautzen dena ez da "arte" postposizioaren erabilera, baizik eta data nola idatzi behar den.

Euskaltzaindiak ez du araurik eman "arte"ren erabileraz; ez du esan "arratsaldera arte", "arratsalde arte" edo "arratsaldea arte" hobetsi behar den. Horren arabera, eta Euskaltzaindiak xehetasun gehiago eman ezean, zure galderako "irailaren 7 arte" iruditzen zait aukerarik egokiena morfologiari eta idazkerari dagokienez; baina ez nuke okertzat joko "irailaren 7ra arte"

Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiak dakarren irizpidea "-(r)a arte "noiztik noiz arte" esaten dugunean baino ez erabiltzekoa" egokia iruditzen zait; baina ondo gogoan daukat badirela "egun handira arte" bezalako esapideak ere, eta ez nituzke txartzat emango, adibidez, "ordura arte" eta "datorren astera arte".

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak badakar, bai, "arte" postposizioaren erabilera-adibide bat (ikus 501. or.): "bihar arte" adibidea dakar, eta horixe da agintzen duena "etzi arte" hobesteko.

Bestetik, "7 arte" nola ahoskatu behar den ere ez da arautu, mugatuan ala mugagabean; baina "7 arte" erabiltzea erabakiko balitz, mugagabeko irakurketa izango luke (eta "7a arte"k mugatukoa).

Horrez gainera, ikus datu-base honetako "arte postposizioa" sarrera.

Data: 2001/07/06

Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna

 

 

Testuan aipatzen den "arte postposizioa" sarreran, esaten da Euskaltzaindiak ez duela ezer erabaki  (oraingoz) postposizio horren idazmoldeaz. Eta euskara idatziaren azterketa bat egin beharko litzatekeela hiru horien artean (Asteazkena arte, Asteazken arte eta Asteazkenera arte: haietatik zein erabili galdetu zuten) aukera egin aurretik.

 

Beraz, badirudi ez dutela forma horietako bat hobetsi, eta arte bereiz idatzita duten guztiak direla zuzenak.