Galdera

 

Zertan bereizten dira “nitaz galdetu dute” ala “niregatik galdetu dute”? Gaztelaniazko “por” da? 

 

Data: 2012/01/27



Erantzuna

 

Nitaz galdetu dute edo niregatik galdetu dute, bietako zein erabili galdetu diguzu.

 

Gure ustez, lehen forma da egokiena: nitaz galdetu dute. Baina beste forma batzuk ere erabili ditzakezu: adibidez, nire galdea egin dute eta antzeko beste asko (nire galde ibili dira, nire galdez ibili dira, nire galdezka etorri dira...; bizkaieraz, zenbait hizkeratan, nire preguntea egin dabe, nire preguntan ibili dira…).

 

Han-hemenka jardun dugu zure esapidearen gainean informazioa bilatzen, eta topatu ditugun hauek ekarri nahi dizkizugu hona:

 

Elhuyar hiztegiak honela dakar 'preguntar por' itempean: -z galdetu, -z galdezka ibili/etorri, -en galde ibili

Han preguntado por ti: hitaz galdetu dinate.

 

Zehazki hiztegiak, berriz: (norbaiten) galdea egin: una mujer preguntando por tí = emakume bat zure galdezka, emakume bat zure galdez (goi mailakoak)

Ha preguntado por ti = zutaz galdetu du, zuregatik galdetu du (behe mailakoak).

 

• Orotariko Euskal Hiztegian GALDE, GALDEA EGIN, GALDEZ, GALDEAN… eta GALDETU kontsultatzen badituzu, adibide asko eta asko topatuko dituzu: ia-ia denak, NOREN eta ZEREZ kasuekin; oso gutxitan ageri da ZERGATIK kasua esapide horietan. Hemen duzu helbidea:

http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_oeh&view=frontpage&Itemid=413&lang=eu

 

Uste dugu tentuz ibili beharko genituzkeela “ni(re)gatik galdetu dute” eta antzekoak. Seguru gaude gaztelaniatik kalkatutako formak direla, eta, kasu honetan, kalko horrek ez duela lekurik euskara estandarrean: ZERGATIK galderari (inplizitua edo esplizitua) erantzuteko gorde beharko litzateke ni(re)gatik forma (“nitaz galdetu dute” ere izan liteke kalkoa, baina onargarria).

 

Oharra: Pasiboetan, agentea markatzeko ere balio du gaztelaniazko por preposizioak, eta ‘–gatik’ (eta ‘-tik’ eta ‘-gandik’) erabiltzen du jende askok erdarazko egitura pasibo horiek euskaraz emateko: Herriko biztanle guztiengatik ikusia izan zen pelikula hura. Ez egin horrelakorik: egitura horiek euskaraz emateko, onena da aktibo bihurtzea, eta agentea NORK kasuan ematea, jakina: Herriko biztanle guztiek ikusi zuten pelikula hura.