Galdera

 

Nola da: Jar daiteke ala jarri daiteke? Ikus dezaket ala ikusi dezaket? Erabil dezagun ala erabili dezagun? Noiz erabili behar da aditzoina? Ahalera moduak aditzoina eskatzen du? Subjuntiboak aditzoina eskatzen du? 

 

Data: 2012/01/30



Erantzuna

 

Zure galdera hori bera bidali zuen norbaitek Euskaltzaindiaren Jagonet kontsulta zerbitzura, eta hau erantzun zion Gramatika Batzordeak 2000/07/19an:


Partizipioa ala aditzoina: ibil naiteke ala ibili naiteke?


Galdera

 

Subjuntiboan, ahaleran eta agintekeran partizipiodun formak euskara batukoak al dira? Hori dela eta, Euskaltzaindiak orain arteko araua aldatu egin al du, aditzoinaz gain partizipioa ere zilegitzat joz?

 

Erantzuna

 

Gai horri buruz Euskaltzaindiak ez du orain arte araurik eman; beraz, ibil naiteke nahiz ibili naiteke, biak erabil daitezke.

Auzi honetaz Euskaltzaindiak erabaki duen gauza bakarra da aditzoina (ibil) erabili nahi baldin badugu, zer forma izan behar duen horrek; eta ez besterik (ikusi Euskaltzaindiaren 28. araua: Aditzoinen forma).

 

Beraz, bi aukerak dira zuzenak (subjuntiboan, ahaleran eta agintekeran).

 

Guk, bata zein bestea erabili daitezkeenez eta gure hizkeretatik forma hurbilena partizipioa denez (partizipioa erabiltzen da bizkaieraz eta gipuzkeraz), partizipioa erabiltzen dugu e-mailetan. Gure aukera izan da. EIMAk, berriz, (ikasmaterialetan) aditzoina erabiltzeko esaten digu, joera hori nagusitu baita euskara batuan.

 

Gure aholkua hau da:

 

Erabili bata zein bestea, baina ez nahastu forma biak idazki berean.


Aditzoina erabiltzea erabaki baduzu, kontuan hartu aditz eratorrietan bi forma dituztela aditzoinek: ur eta urtu, zorrotz eta zorroztu... Horietan, erabili urtu, zorroztu, urrundu eta beste.