Galdera

 

Idatzarazi eta idaztarazi, biak daude onartuta? Kasu hori ez da zehazten arauetan. 

 

Data: 2012/01/31



Erantzuna

 

Aditz arazleen formak zein diren jakiteko, Euskaltzaindiaren 23. araura jo behar duzu; helbide honetan dago: http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0023.pdf.

 

Badirudi, baina, idatzi diguzunaren arabera, irakurri duzula araua, eta, kontsultatu arren, jarraitzen duzula zalantzarekin. Oro har, aditz arazlea eraikitzeko, hau da prozesua: aditzoina hartu, eta arazi erantsi (aditz bakoitzaren aditzoina zein den 28. arauan duzu).

 

Idatziren kasuan, esate baterako: idatziren aditzoina idatz da; beraz, aditz arazlea: idatz + arazi = idatzarazi.

 

Hori kontuan hartuta, ez duzu arazo handirik izango aditz arazle baten forma eraikitzeko. Badaezpada, baina, aholkutxo bat: zalantzarik izanez gero, jo ezazu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura; bertan zehazten dira zein diren euskal hitzen formak euskara baturako.

 

Dena dela, aditz arazleen zerrenda bat erantsi dizugu, Hiztegi Batuko informazioa baliatuta osatu duguna. Aditz berezi batzuk gorriz markatuta doazkizu; gure ikasleek arazoak izaten dituztelako nabarmendu ditugu (batzuk oso gutxi erabiltzen dira).