Galdera

 

Ikasleek antzerki-lan batean taberna irudikatu behar dute; hona jarritakoa:”Salda badago”. Hau da nire zalantza: ez al da egokiagoa “Salda dago” hutsa? Eta baldintza jarri behar balitz ez litzateke “ Badago salda”?

 

Data: 2012/01/31



Erantzuna

 

Asko gustatu zaigu nola egin duzun galdera, testuingurua argi eta garbi azaldu diguzulako. Ohar bat: 'ba-'dun forma horiek (badago salda, salda badago) ez dira baldintzak!

 

Gure ustez, tabernetan ikusten diren kartel horiek guztiak ez dira oso zuzenak euskaraz. Ohitu gara irakurtzen, ulertzen ditugu, baina zalantzan ibiltzen gara zein den horietan guztietan zuzena. Oso esanguratsua da, ezta?

 

Kontuan hartu askatasun osoarekin jokatu dezakezula kartel bat idaztean, eta, beraz, ez daukazula zertan sakralizatu gaztelaniazko "Hay caldo" hori (bide batez esanda: ez du ematen erdaraz ere oso katolikoa denik). Adibide bat jartzearren: Gaztelaniazko "vado permanente",  zelan eman euskaraz? Hitzez hitz euskaratuta, ez dizu inork ulertuko; beraz, nahi izanez gero, "Ez aparkatu. 0h-24h" jarri dezakezu kartelean.

 

Aukera bat izan liteke: "PROBATU EZAZU GURE SALDA!", marketing apur bat eginda.

Edo, lekua izanez gero, "PROBATU EZAZU GURE SALDA! EZ DUZU HOBERIK TOPATUKO".

 

Egun batetik bestera erantzutea da gure helburua, ahal izanez gero (beti ez zaigu posible izango, jakina). Eta hori saiatu gara mezu honekin egiten. Baina jarraituko dugu pentsatzen, ea beste zerbait bururatzen zaigun; hala bada, egon seguru berriro idatziko dizugula.

 

Ez dakigu pozik geratuko zinen aurrekoan bidalitako erantzunarekin; guk, badaezpada, jarraitu dugu handik-hortik-hemendik arakatzen, eta konturatu ginen ahaztuta geneukala kontsulta berbera bidali zutela Jagonet Euskaltzaindiaren zerbitzura orain dela hamar bat urte. Hona zer erantzun zuten:

 

Galdera

 

Tabernako iragarki gisa, "Salda dago / Salda badago" aukeran, zein da egokia eta zein ez, eta zergatik?

 

Erantzuna

 

Luzeegi joko luke-eta, ez dizut zergatikoa azalduko; baina jakizu "Salda dago" ez dela egokia. Bestea, "Salda badago", egokia da; baina, aukeran, egokiagoak dira beste hauek:


- Salda badugu / Badugu salda / Salda ere badugu / Badugu salda ere

 

Hizkuntzaren ikuspegiaz gainera salgaiaren aldarriarena ere gogoan hartuz gero, nik honela iragarriko nuke komunikazioaren mesedetan:   "Salda beroa".


Data: 2002/01/03

Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna.

 

Beraz, guk proposatutakoari luzeegia edo desegokia baderitzozu, aukeratu Joxe Ramonek gomendatutakoa, konforme?