Galdera

 

“Medikuarengana” nola esan daiteke beste modu batean?

 

Data: 2012/02/02



Erantzuna

 

Medikuarengana edo medikuagana erabiltzen da: "Osasun arazoak ditugunean, medikua(ren)gana jotzen dugu."  

 

Baina, gehienetan, beste era honetara esaten dugu: medikuarenera (euskara estandar idatzirako forma da, jakina; hitz egitean, hainbat aldaera fonetiko entzungo dituzu: medikunera, medikunea...).  

 

Bien arteko aldea (medikua(ren)gana / medikuarenera) hau da: lehenengoan, pertsonari buruz ari gara; bigarrenean, berriz, lekua hartzen dugu kontuan (medikuaren kontsulta, kasu honetan). 

 

Eguneroko hizkeran, oso normalak dira holako esaldiak:


"Nahiago ditut Pauloneko odolkiak." (Pauloreneko: Pauloren harategiko)

 

"Joango gara Muruanera pote bat hartzera?" (Muruarenera: Muruaren tabernara)

 

  Hiztegietan arakatzen baduzu, 'donde' sarrera lexikalean, beste adibide hauek topatuko dituzu (NON, NORA eta NONDIK kasuetan):


  • o Elhuyar hiztegian: prep. (col.)    -enean (izenari erantsirik): Te espero donde mi madre: amarenean itxarongo dizut.

  • o Zehazki hiztegian: 2 prep: estuve donde el médico: medikuarenean egon nintzen.

  • o Labayrun (bizkaieraz):   2 adv. relat.    En casa de: -(r)enean.
  • Voy a donde Irene: Irenerenera noa. Donde vivimos no ocurre eso: Gurean ez da holakorik pasetan. Vengo de casa de mi madre: Amarenetik nator. Había mucha gente donde el médico: Medikuarenean jente asko egon da.

Zuen ikastetxeak Belaskoenea du izena, eta horrek badauka zerikusi handia aurkeztu diguzun zalantzarekin. Izena nondik datorren azaltzen saiatzeko baliatuko dugu mezu hau:

 

-(r)ena atzizkia etxeei izenak jartzeko erabiltzen zen, eta gaur egun ere erabiltzen da (oikonimoa da berba teknikoa etxeen izenetarako)

          • o Ponte izenen gainean eraikitakoak:  BeltranENA, BernatENA, CarlosENA, DomingotENA, JaimeRENA, PauloRENA...

            o Deituren, ezizenen eta lanbideen gainean eraikitakoak: AlcateRENA, AmigoRENA, BizargorriaRENA, ErregueRENA, MariñelaRENA...

-(r)enean da atzizki horren forma NON kasuan, jakina: BeltranENEAN, BernatENEAN, CarlosENEAN, DomingotENEAN, JaimeRENEAN, PauloRENEAN...

 

Eta kontu bitxi bat gertatu zen: -enea atzizkia sortu zen etxeak izendatzeko (ENEA = ETXEA balitz bezala); besteak beste, zuen Belaskoenea oikonimo hori. Are gehiago: atzizki modura sortu, eta gero hitz beregaina bilakatu zen (Ajuria Enea, Arotz Enea, Txomin Enea, Kristina Enea...). Interneten bilaketa eginez gero, ehunka aurkituko dituzu.

 

Bide batez esanda, Erdi Aroan oso ohiko izena zen Belasko: euskaraz, Berasko; gaztelaniaz, Velasco/Blasco; portugesez, Vasco...)