Galdera

 

Gure inguruan, “izotza=escarcha” eta “jela/horma=hielo” bereizten ditugu; baserri eta landa inguruko jendeak ederki daki zer den bata, zer bestea. Zer aholkatzen duzue?

 

Data: 2012/02/01



Erantzuna

 

izotz/horma/lei (=hielo) eta izotz zuri/lantxurda/antzigar/intzigar (=escarcha)

 

 

1/ Zaila izaten da hitzen erabilera lokaletatik edo eskualdekoetatik ondorio orokorrak ateratzea (esate baterako, Bizkaian, hiztun batzuek kontrara erabiltzen dute izotz hitza: izotza, GinTonic-ari botatzeko, eta leia, egun hotzetan lur gainean agertzen dena adierazteko). Hortaz, erabilera lokalean, ez dago arazorik nork bere inguruan egiten dituen bereizketak erabiltzeko. Kontuak, berriz, nahasiagoak dira erabilera estandar bat ezartzeko orduan, adiera biak nahasten direlako sarritan.

 

2/ Hau diote hiztegiok:

 

Hiztegi Batuaren arabera, jela gipuzkeraren eremukoa da, eta, nolabait, hitz “markatua” euskara batuan erabiltzeko orduan (gainera, guk dakigula, ez da gipuzkera osoaren eremukoa ere).  Bestalde, jelatu eta izoztu, sinonimotzat ematen ditu. Ikusi hemen:


jela iz. Gip.

jelatu, jela/jelatu, jelatzen. da/du ad. Gip. 'izoztu'

 

Zehazki hiztegiak ere sinonimotzat ematen ditu izotz eta jela hielo hitzaren sarreran. Hala ere, jela ez du egokitzat ematen maila jaso/formalean erabiltzeko:

  

      hielo m izotz, horma, lei, jela beh.               

                •cubito de hielo, izotz kubo, izotz koskor.            

                •quedarse de hielo, harri eta zur gelditu.                 

                •repartidor de hielo, izozdun.                 

                •romper el hielo, izotza hautsi, izotzaldia urtu.

 

Escarcha hitzaren sarreran, hau esaten digu Zehazkik:


escarcha f  lantxurda, izotz zuri, intzigar goi.

escarchar 1 i (meteor) izoztu, lantxurda egin.

 

Eta beste hau Elhuyar hiztegiak:   s.f. izotz zuri, antzigar  

 

Hiztegi Batuak sinonimotzat ematen ditu antzigar eta intzigar.  

 

3/ Hortaz, badirudi, bereizketa egitekotan, izotz/horma/lei (=hielo) eta izotz zuri/lantxurda/antzigar/intzigar (=escarcha) hitzen artean egin beharko genukeela.