Galdera

 

Hitz eratorriak: Dantzatu aditza hitz eratorria da (dantza + tu)?  

 

Data: 2012/02/03



Erantzuna

 

Dantzatu aditzaren egitura hau da: dantza izena + -tu partizipio marka; beraz, aditz eratorria da jakina.

 

Euskaltzaindiak argitaratu zuen Euskal Gramatika. Lehen Urratsak II liburuan, 39.-46. orrialdeetan, aditz egituren motak azaltzen dira. Bertatik edan dugu hona ekarri dizugun informazioa eskaintzeko:

 

Aditz batzuk berezkoak dira: joan, erosi, etorri, jo...; beste batzuk, berriz, eratorriak eta elkartuak.

 

Eratorriak interesatzen zaizkizu. Bada, eratorrietan, erroa zein den aintzat hartuta, honela sailkatu daitezke:

 

IZEN baten gainean eraikitakoak: gizondu, gosaldu, eskertu, arautu, hautsi, urtu...

ADJEKTIBO baten gainean eraikitakoak (izenlaguna ere izan daiteke: -ko amaieraduna): luzatu, zahartu, ihartu, gaurkotu, garbitu, etxekotu...

ADITZONDO baten gainean eraikitakoak: berandutu, gutxitu, zeharkatu, hurbildu...

-RA kasu marka daramaten izen sintagmen gainean eraikitakoak: munduratu, leporatu, etxeratu, bereganatu, oheratu...

• -Z kasu marka daramaten izen sintagmen gainean eraikitakoak: legeztatu, ureztatu, egiaztatu...

ERAZLEAK (-RA- artizkia dutenak): eratorri (etorri), erabili (ibili), erantzi (jantzi), eraiki (jaiki), eroan/ eraman (joan)...

 

Amaitzeko: Hiztegi Batuaren arabera, dantzatu aditza NOR sailekoa da: 'arratsalde osoan dantzatu naiz'; 'ederto dantzatzen da Lide'; edo, objektu zuzena izanez gero, NOR-NORK sailekoa: 'aurreskua dantzatu dut'.

Eta gogoratu: horrelako aditz gehienetan gertatzen den bezala, pare-parekoa dugu dantza egin (eta dantzan egin) aditz elkartua, NOR-NORK sailekoa jakina.