Galdera

 

Lagundu aditza: beti da nork-nori-nor ? Edo nork-nor ere bai? Zer kasutan? 

 

Data: 2012/02/06



Erantzuna

 

Izan duzun zalantza jende askok eta askok izan du eta izaten du, lagundu aditzarekin eta beste zenbaitekin. Hori dela eta, Euskaltzaindiak beren-beregi plazaratu zuen arau bat auzia argitzeko. Honela dio Euskaltzaindiak:

 

“Zenbait idazle eta irakasleren artean zalantzak sortzen dira askotan aditz batzuen erregimena dela eta. Horrela, gonbidatu diot bezalakoak entzun daitezke eta, halaber, ez dira falta nik lagunduko dizut bezalakoak gaitzesten dituztenak ere”.

 

Bada, aditz horietako batzuk (gonbidatu, itxaron, deitu, lagundu…) nola erabili behar diren erakusten digu Euskaltzaindiaren 39. arauak (http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0039.pdf).

 

Lagundu aditzari dagokiolarik,

"Lagundu, laguntzen aditzaren erregimena NOR- NORI-NORK izan da Iparraldean XVII. gizaldi arte; baina geroztik Iparraldeko tradizioaren arabera NOR-NORK besterik ez da. Hegoaldean, ordea, NOR-NORI-NORK da nagusi.

Beraz, euskara batuan bi formak dira onartzekoak."


Gure aholkua: bi aukera daudenean, zure inguruko hizkeran erabiltzen den formatik hurbilena hobetsi beharko zenuke. Bizkaieraz eta gipuzkeraz, NOR-NORI-NORK saileko laguntzaileak erabiltzen dira lagundu aditzarekin, adiera bietan:


1. "Norbaitengana bildu, doan tokira harekin joateko; norbaitek lagun eramanik joan".

2. "Norbaitekin zerbaitetan aritu jardunaren zati edo pisu nagusia bestearen gain dagoelarik, laguntza eman".

 

Beraz, saiatu zaitez ‘lagundu diot Iñakiri etxera, badaezpada' eta 'lagundu diot Iñakiri ariketak egiten' esaten eta idazten, eta ez ‘lagundu dut Iñaki’.

 

Euskara irakasle batzuek esaten dute lagundu aditzaren esanahia konpainian joan bada NOR-NORK saileko laguntzailearekin erabili behar dela, eta, NOR-NORI-NORK saileko laguntzailea eskukaldia eman bada. Kontuz horrekin! Bereizketa horiek guztiz artifizialak dira, eta ez daukate funts handirik.