Galdera

 

 Batzu, batzuk eta batzuek: nola erabili behar ditugu? 

 

Data: 2012/02/10



Erantzuna

 

Batzu, batzuk eta batzuek, noiz erabili? Euskaltzaindiak arau bat plazaratu zuen beren-beregi kontsultatu diguzun auzia argitzeko. Pdf formatuan duzu helbide honetan:

http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0012.pdf.

 

Hona hemen zer erabaki zuen:

 

“Forma hauek erabakitzen ditu Euskaltzaindiak batzuk-en deklinabideari dagokionez:

 

NOR: Batzuk

NORK: Batzuek

Batzuei

Batzuen (batzuengan, batzuengana, batzuengandik…)

Batzuekin

Batzuez

Batzuentzat

Batzuetan

Batzuetako

Batzuetara

Batzuetatik/Batzuetarik”

 

Beraz, ez zuten onartu batzu forma euskara baturako: euskara batuan idazten baduzu, batzuk idatzi behar duzu NOR kasurako, eta batzuek NORK kasurako. Taulan ikusiko duzunez, NOR kasuan izan ezik, beste kasu guztietan -e- bat txertatu behar da: oso erraza da gogoratzea.

 

Dena dela, gure erantzun labur hau gorabehera, interesgarria izango zaizu arau osoa irakurtzea: bertan azaltzen digute nola erabili diren forma horiek (tradizioa), eta zer irizpiderekin jokatu duten erabakia hartzeko; gainera, bat hitza nola deklinatu ere finkatzen da.

 

Amaitzeko, etimologia kontu txiki bat, prezio berean. Inoiz, bat zenbakitzaileari -zu atzizki pluralgile zaharra erantsi, eta batzu forma sortu zen aurrena. Gero, -k pluralgile “unibertsala” erantsi zitzaion –pluraltasuna hobeto markatzeko edo–, eta halaxe sortu zen batzuk forma (-zu atzizkia (eta -tzu aldaera) hainbat leku izenetan topatuko duzu: artazu, elosu (elor+zu), irazu…; eta hiperkarakterizazioak ere bai, nonahi: hobeago (hobe), diraz (dira), zeniguzun (zenigun)…)