Galdera

 

Desberdin hitza: esan daiteke euskaraz? 

 

Data: 2012/02/16



Erantzuna

 

(Aipatu diguzu norbaitek esan dizuela desberdin hitza ez dela erabili behar euskaraz, eta hainbat jarri behar dela haren ordez; ez dakigu –jakina– nola formulatu zitzaizuen debeku –edo dena delako– hori, edo nola interpretatu zenuten.)

 

Galdetu diguzu nola euskaratu bi esaldi hauek:


• “Cada persona tiene un timbre de voz diferente

• “Tenemos sentimientos diferentes

 

Hauek proposatzen dizkizugu:

 

• “Pertsona bakoitzak bere ahots tinbrea dauka” (“Nork bere ahots tinbrea dauka, bereizgarria”, “Pertsonok tinbre desberdinak dauzkagu, nork berea”…). Zure “Pertsona bakoitzak ahots tinbre desberdina du” ere onartzekoa da, gure ustez.

 

• “(Zuk eta nik, esaterako) Sentimendu desberdinak dauzkagu” (“Zuk zeure sentimenduak dauzkazu, eta oso bestelakoak nik”…)

 

Eta hainbat erabilita? Ez genuke onartuko zure “Hainbat pertsonak hainbat ahots tinbre ditu.” hori, adierazi nahi duzunerako. “Pertsona bakoitzak hainbat ahots tinbre dauka.” posible da, baina horren esanahia hau litzateke, zentzua baleuka: pertsona bakoitzak ahots tinbre bat baino gehiago dituela. Eta nola esaten da hori gaztelaniaz?:

 

• “Cada persona tiene varios timbres de voz

• “Cada persona tiene diferentes timbres de voz” –hemendik datoz desberdin sasikoarekin ditugun arazo guztiak; gaur egun, moda-modan dago–

(Ohartxoa: Gogoratu ez garela epaitzen ari esaldiok egiazkoak diren ala ez).

 

 

Gaztelaniaz, diferente (eta diverso, distinto…) adjektiboarekin hiru erabilera bereizten dira:

 

• Izenaren atzetik (diferentes = no iguales):

 

o “Tú y yo tenemos sentimientos diferentes”; “Mis amigas son diferentes (especiales)”… Adiera honetarako, normalean posible da desberdinak/ezberdinak edo bestelakoak erabiltzea.

 

• Izenaren aurretik:

 

o Artikulurik gabe:


   -“Lo leí en diferentes medios de comunicación

   -“Utiliza diferentes vehículos para ir a trabajar

 

Modu honetan erabilita, batzuk, zenbait, hainbat… izaten da diferentes horren euskal ordaina:

 

   -“Komunikabide batzuetan irakurri nuen

   -“Hainbat ibilgailu erabiltzen d(it)u lanera joateko

 

o Artikuluarekin:

 

  -“Hemos instalado pizarras digitales en las diferentes aulas del centro

   -“Encontrarás ejemplos interesantes en las diferentes actividades de este libro de texto

 

Hauetan, los/las diferentes horren esanahia denak da; beraz, guztiak izaten da ordain egokia, eta, are egokiagoa batzuetan, plurala besterik gabe:

 

   -“Arbel digitalak instalatu ditugu ikastetxeko gela guztietan

   -“Adibide interesgarriak topatuko dituzu testu liburu honetako jardueretan

 

Hobeto eta luzexeago azalduta, EIMAren Kalko okerrak liburuan irakurri dezakezu (35-39. orrialdeetan):