Galdera

 

 Empoderamiento soziologia arloko hitza: nola eman euskaraz? 

 

Data: 2012/02/28



Erantzuna

 

1/ Arazoak izaten dira beti horrelako terminoak euskaraz emateko. Euskaraz, orain arte, bi berba erabili dira gehienbat (gehienetan bezala) ingelesez sortu zen kontzeptu horren berri emateko: ahalduntze eta jabekuntza. Eta horiekin batera, seguruenik partida galduta dutela, beste hauek ere proposatu dira: botereratze, boteretze eta, azalpenaren teknika baliatuta, nor bere ahalmenez/ahalez/eskubideez jabetze.

 

Zaila egiten zaigu horietatik guztietatik zein erabili aholkatzea; baina, kontuan harturik Emakundek ahalduntze berbaren aldeko hautua egin duela, eta errazago hedatu litekeela feminismoaren bide horretatik, busti egingo gara: gure ustez, ahalduntze erabiltzea izan liteke egokiena.

 

2/ Zer-nolako zorte ona daukaten gaztelaniaz, e? Empowerment ingelesezkoa hartu, eta empoderamiento sortu-edo (Espainiako Errege Akademiak ez du jasotzen bere hiztegian), erraz egiten den prozesua da (eta berdin frantsesez, italieraz, katalanez...). Euskaraz, berriz, itsu-itsuka ibili behar dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago ageri dira handik-hortik-hemendik. Gero, dena ondo joatera, gizarteratu diren proposamen horietatik bat nagusitzen doa apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den, Berrian eta Gaur Egunen erabiltzen duten ... (mila arrazoi egon litezke); zorte ona izan ezean, lehian jarraitzen dute forma batek baino gehiagok, eta erabiltzaile arruntok noraezean ibiltzen gara. Ea oraingoan ez den gertatzen.

 

3/ Kontsultan, aipatu diguzu arazoak izan dituzula Euskalbar-en aurkitzeko. Guk, leihotxoan empoderamiento idatzi, eta "Itzul (posta-zerrenda)" atala aukeratu dugu. Bertan irakurritakoetan oinarritu gara mezua osatzeko. Are gehiago: laburtu (ez asko) egin dizugu auzi honen gaineko itzultzaileen mezu trukea, word dokumentu bat osatu, eta mezu honi erantsi diogu (empoderamiento), pazientzia eta gogoa biltzen baduzu irakurri dezazun. Ea zerbait argia ateratzen duzun.