Galdera

 

Ekaineko, iraileko, otsaileko… azterketak ala ekainako, irailako, otsailako…? 

 

Data: 2012/03/03



Erantzuna

 

 

Galdetu diguzu nola esan behar den: otsaileko/ekaineko/iraileko (azterketak) edo otsailako/ekainako/irailako (azterketak).

 

Hona erantzuna: OTSAIL, EKAIN eta IRAIL kontsonantez bukatutako izen arruntak direnez, NONGO/NOIZKO kasuan, -eko deklinabide atzizkia erabili behar duzu:

 

otsailEKO / ekainEKO / irailEKO

 

Era berean, -e- bat txertatu beharko duzu singularrean beste kasu hauetan ere: NON, NORA, NONDIK...:

 

• "OtsailETIK maiatzERA bitartean, beste irakasle bat izango duzue jantokiko arduradun."

• "Datorren urtarrilEAN hasiko dira eskolako patioa eraberritzeko lanak".

 

Adibideetan ikusten duzunez, bokalez amaitzen diren hitzetan ez da -e- ageri (jantokiKO, eskolaKO); eta bigarren horretan -a- ageri da hitzak berezkoa duelako (eskola da hitza, eta ez eskol).

 

Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen urratsak-I (Eranskina) liburuan topatuko dituzu deklinabide taulak, 4. kapituluan (http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/6847.pdf). 103.-104. orrialdeetan daukazu interesatzen zaiguna: nola deklinatu kontsonantez bukatutako izen arruntak.