Galdera

 

"Komunera joaterik ba al daukat?”: ondo dago? Nola eskatu behar dute ikasleek komunera joateko baimena? 

 

Data: 2012/03/07



Erantzuna

 

 

Hizkuntza guztietan bezala, modu ugari daude euskaraz baimena eskatzeko.

 

1.      Haietako bat, lehenengo hau, zuk proposatutakoa da; ahalmena edo gertagarritasuna adierazteko baliatzen ditugun formuletako bat erabiltzea, hain zuzen ere:


  • Ireki dezaket leihoa? = Ireki ahal dut leihoa?
  • Ba al daukat leihoa zabaltzerik?


Beste batean ere erantzun genion hau bezalako galdera bati  (esteka honetan daukazu: “http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/279”), bai eta adibide hauek eskaini ere:


Aita, egin dezakegu gaupasa San Pedro egunean?

• Joan gaitezke izebarekin ostatura?


Gogoratu, dena dela, ahaleraren erabilera nagusiak hauek direla:


a. Ahalmena:"Uste dut erraz irabazi dezakegula pala partida"; "Nahi baduzu, lagundu diezazuket teilatuko erretenean geratu diren hostoak kentzen"


b. Gertagarritasuna: '"Baliteke datorren asteburuan Zeraina joan behar izatea"; "Ahizpa gaixorik badago, gertatu daiteke ni ere egotea: orain arte beti gertatu zaigu horrela!"

 

Eta berdin “-t(z)ea eduki formulakrekin: posibilitatea-edo adierazten du batzuon euskaran, adibide hauetan bezala:


"—Aterpe hartan, badaukat komunera joaterik?

—Bai, arazorik gabe: ur beroa ere badaukazu han."

"—Aterpe hartan, badaukat komunera joaterik?

—Ez, han ez dago komunik. Kanpoan egin behar duzu."

"—Aterpe hartan, badaukat komunera joaterik?

—Ez, komun txiki-txiki bat dago, baina zaindariek bakarrik erabiltzen dute."


2.      Zer esanik ez, baimena eskatzeko beste formula bat da baimena hitza bera erabiltzea:


Emango didazu baimena komunera joateko?


3.      Beste formula bat, oso erabilia, geroaldia baliatzea da:


·        Irekiko dut leihoa?

 

Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-II (EGLU II) liburuan aipatzen dute balio hori (386. orrialdean).

 

4.      Dena dela, baimena esplizituki eskatu gabe ere erakutsi daiteke gordetzen dela itxura eta errespetatzen direla arauak. Esaterako, ikasgelan, hezibide ona erakusteko nahikoa izan liteke besoa altxatzea, guztiz arrunta izan litekeen asmatutako eszena honetan bezala:

 


Anartz

   (Besoa altxatzen du; irakasleak ikusten ez badu, deitu egin liezaioke:) (Andereño! / Maisu!)

Andereñoa/Maisua

   Zer, Anartz?

Anartz

   Komunera joan nahi/behar dut.

Andereñoa/Maisua

   Zoaz, ba.