Galdera

 

Gurasoei bidaltzen dizkiegun gutunetan, nola idatzi behar da izenburua? Hauetatik, zeintzuk daude ondo? Zeintzuk daude txarto?

"Guggenheim museora irteera / Irteera Guggenheim museora / Guggenheim museora, irteera / Irteera, Guggenheim museora"  

 

Data: 2012/03/11



Erantzuna

 

 1) Gure ustez, komadun formulak (azkeneko biak) ez dira egokiak kasu honetan izenbururako: "Guggenheim museora, zer?" edo horren moduko galdera inplizituren bat balego izango litzateke egokia hirugarrena; eta laugarrena, berriz, "Irteera, nora?" galdera inplizituari erantzuteko. Baina zure gutun horretan, guk dakigula, informazio osoa da berria, bai irteera bat egingo duzuela, bai nora egingo duzuen irteera.

 

Lehenengo bien artean, Irteera Guggenheim museora gustatzen zaigu gehien, eta ez diogu arazorik ikusten.

 

2) Hori esanda, ohartarazi behar dizugu horrelakoetan aditzetik datorren izena (irteera ← irten) erabiltzean egon litekeela arazoa, zure kontsultan bezala. Gaztelaniaz ez da arazorik egoten (batzuetan, bai, oso egitura anbiguoak izaten direlako, baina euskaraz maiz gertatzen dira egitura traketsak. Esaterako: zelan euskaratu "Ampliación del patio escolar en 100 m2" izenburu baterako? Izena erabili beharrean aditza bera erabiltzea da aukerarik onena: "Eskolako patioa 100 m2 handituko dugu / Eskolako patioa 100 m2 handitzeko lanak"... (zein den testuingurua, jakina).

 

Bide horretatik ere jo zenezake izenburua idazteko:

 

GUGGENHEIM MUSEORA GOAZ / IKASLEEK IRTENALDIA EGINGO DUTE GUGGENHEIM MUSEORA...

 

3) Beste aukera bat, oso erabilia (eta, batez ere, erabilgarria) euskarazko izenburuetan, informazioa zatitzea da:

 

IKASLEEN(TZAKO) IRTEERA: GUGGENHEIM MUSEOA

 

Eta, hortik abiatuta, lehen izenburuan eta bigarren izenburuan banatuta eman liteke informazioa, zein bere lerroan (nahi izanez gero, letra tamaina ere aldatu dezakezu adierazteko bi ideietatik zein den nagusia):


 

Ikasleen(tzako) irteera

     Guggenheim museoa

 

(edo)

 

Guggenheim museoa

    Ikasleen(tzako) irteera

 

 

Ikusi dezakezunez, hainbat modutan eman liteke kontsultatu diguzun izenburua. Saiatu gara haietako batzuk erakusten, eta arrazoitzen zergatik izan litezkeen egokiak. Aukerarik egokiena zein den galdetuko bazenigu, baina, ez genuke jakingo zer erantzun, informazioa falta dugu eta; horretarako, onena izango litzateke gutun osoa helaraztea, jakin dezagun gurasoek zer-nolako informazioa daukaten aurretik, nortzuek egingo duten irteera... Gainera, ondo idatzita balego, gure kontsulta zerbitzuko "Idazki Ereduak" atalean txertatuko genuke (baimena emango bazenigu); akatsik edo kontu desegokirik topatuko bagenu, jakinaraziko genizuke. Beraz, gure zerbitzua zure testu horiek peritatzeko ere erabiltzera gonbidatzen zaitugu.