Galdera

 

"Descubre tu talento” eslogana  (Lanbide Heziketa): nola esan euskaraz? 

 

Data: 2012/03/09



Erantzuna

 

1) Jakina, honelakoetan geratzen den bezala, hainbat aukera dituzu. Errazena, zalantzarik gabe, gaztelaniazkoaren formari jarraitzea da:

 

"DESKUBRITU ZEURE TALENTUA" edo "AURKITU ZEURE TALENTUA"

 

2) Baina baliteke ez gustatzea aukera hori. Hala bada, urrunago joan behar, erdarazko bertsioak zer forma duen ahaztuta.

 

Esaterako, norbaitek eskatuko baligu klinika bateko "EXTRACCIONES" errotulua euskaratzeko, "ODOLA ATERATZEKO GELA" proposatuko genioke; Arrigorriagatik hasita eta Eskiulan amaituta euskaldun guztiok erdarara jo gabe ulertuko geneukana, hain zuzen ere. Era berean, "Evaluar los progresos individuales de los alumnos" euskaratu behar izan genuenean, aske sentitu, eta erdal sintaxiari erreparatu gabe hau proposatu genuen: "Ebaluatu ikasle bakoitzak zenbat egin duen aurrera".

 

Aukera bat hau izan liteke:


"DENOK DAUKAGU TALENTUREN BAT EZKUTATUTA. AURKITU ZEUREA."

 

Luzeegia irudituko balitzaizu, hortik tiratu, eta zeure gustura moldatutako zerbait aukeratu beharko zenuke; adibidez:

 

"AURKITU ZEURE TALENTU EZKUTUA"

 

3) Ez dakigu zer testuingurutan txertatzekoa den izenburu hori, baina "DOHAIN" oso hitz egokia izan liteke "talentu"ren ordez.