Galdera

 

Bizkaiera gehiago erabili nahi dot gelan, eta jakin gura dot ea dagoen bizkaierako hiztegi edo hitzen zerrenda bat eginda. Esaterako: nahi-gura, zaindu-jagon, ongi-ondo, eta abar. 

 

Data: 2012/03/10



Erantzuna

 

Aipatu diguzu bizkaiera gehiago erabili nahi duzula ikasgelan, umetxoekin. Eta ederto deritzogu asmo horri. Euskalkiek eta azpieuskalkiek ere lekua izan behar dute gizartean, hainbat esparrutan; zer esanik ez, eskolan.

 

Leku hori zein den, 137. arauan zehaztu zuen Euskaltzaindiak: “Adierazpena euskalkien erabileraz” (4. atala interesatuko zaizu gehienbat: “Irakaskuntzan”); helbide honetan topatuko duzu: http://www.euskaltzaindia.net/dok/arauak/Araua_0137.pdf.

 

Horrez gain, Koldo Zuazoren liburuetan ere aipatzen da zein izan beharko litzatekeen euskalkien esparrua gizartean. Hiru libururen erreferentziak emango dizkizugu:

 

ZUAZO, Koldo: Euskararen sendabelarrak, Alberdania, Zarautz, 2000.

ZUAZO, Koldo: Euskalkiak. Herriaren lekukoak, Elkar, Donostia, 2003.

ZUAZO, Koldo: Euskara Batua. Ezina ekinez egina, Elkar, Donostia, 2005 (batez ere, 227.-243. orrialdeak).

 

Bizkaiera lantzeko on line baliabideak nabarmen ugaldu dira azken urteotan. Hona hemen haietako zenbait:

 

http://www.bizkaiera.biz/: Eskuineko zutabean dituzu baliabideak: Labayru Hiztegia ( Euskalbar Firefox-erako tresnabarran ere baduzu); "Idazteko jarraibideak" atala, gramatika kontuetarako (betiere, bizkaiera baturako); eta "Bizkaierazko Zuzentzailea" atala, bizkaierazko Xuxen zuzentzaile automatikoaren parekoa deskargatzeko aukera ematen dizuna (eta euskara batutik bizkaierara edo alderantziz itzultzeko itzultzaile automatiko batekin).

 

www.labayru.org: Hemen ere Labayru Hiztegia daukazu, Morfologia eta Sintaxia bizkaierazko bi gramatikak eta bizkaierazko literatura (Sutondoan bilduma, Idatz & Mintz literatura aldizkaria...).

 

http://www.bizkaiera.com/

 

http://www.bizkaie.biz/orokorra.php?atala=1&sec=2: Aldizkari digitala.

 

www.mendebalde.com: Bizkaieraren gaineko hainbat artikulu eta monografia topatuko dituzu web orri honetan (Euskalingua aldizkari digitala, urtero egiten diren jardunaldietatik sortutako argitalpenak...).

 

Paperean argitaratutako liburu batzuk ere interesatuko zaizkizu.

 

• Iñaki Gaminderen ... berbarik berba sorta; zure eskolatik parajeko hizkera ikertzen duen bat aipatzearren: GAMINDE, Iñaki: Zamudio berbarik berba, Lagatzu/Labayru, Bilbo, 2000.

 

• LARREA BEOBIDE, Angel; REKALDE IZAGIRRE, Juan: Arratia inguruko hiztegia, Ediciones Beta III Milenio, Bilbo, 2010.

 

Opari gisa, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan [+bizk.] marka duten berba guztiekin zerrenda osatu dugu, eta mezu honi itsatsi.

 

Amaitzeko, ohar bat. Mezuan aipatu dizkiguzun nahi/gura, zaindu/jagon, ongi/ondo... denak dira euskara batua jakina; baina eta, ongi izan ezik, denak dira bizkaiera ere!; beilegi bizkaiera da (eta euskara batua), baina baita hori forma orokorra ere, euskalki guztietakoa (hiztun batzuek bereizi egiten dituzte); NOREKIN kasurako, -gaz deklinabide atzizkiarekin batera -kin amaiera dago bizkaieran; edo dauz adizkiaren alboan, ditu orokorragoa eta zaharragoa bizi da bizkaieran. Kontuz ibili behar duzu horrekin, jende askok uste baitu gainerako euskalkietatik gehien bereizten diren adizkiak eta hitzak direla bizkaierazkoak (jatorrak), eta horiexek baino ez: Mitxelena irakasleak hiperbizkaiera izena jarri zion eredu horri. Hainbeste aldentzen dira berbeta naturaletik (bizkaieraz egin zein ez), ezin ulertuzkoak gertatu lekizkiguke horrela sortutako testuak. Belarria zoli eduki, eta, herrian zelan egiten den, halaxe egin behar duzu zeuk ere.