Galdera

 

Egitura inpertsonalak.

Esaldi hauen artean, ba al dago bigarrenaren alde egiteko gomendiorik?

1. Bileran gai asko aztertuko dira.

2. Bileran gai asko aztertuko ditugu/dituzte.

 

Data: 2012/03/14



Erantzuna

 

 

Ondo dakizunez, biak dira zuzenak. Baina komunikologoen aholkua da estilo pertsonala erabiltzea. Begiratu zer jasotzen duen horren kontura IVAPen Estilo Liburuak, 132. orrialdean:

 

«AHAL DELA, UTZI AGERIAN EGILEA

 

Gaztelaniaz gaur egun joera handia dago egitura pasiboak eta inpersonalak erabiltzeko. Eta baliagarri dira, gainera, egilea ezkutatu beharra dagoenean; esate baterako, Administrazioak badakienean hartzaileak ez duela gustuko izango mezua, edota lege bat idazterakoan.

 

Halere, herritarrari idazten zaionean komeni da, ahal den guztietan, egitura aktiboak erabiltzea, horrela argi gelditzen baita egilea zein den:


  • El incumplimiento por parte del interesado de las Bases dará lugar al reintegro de la totalidad de las cantidades cobradas.
  • (saihestekoa) Interesatuaren aldetik oinarriak ez betetzeak kobratu diren kopuruak osotara itzultzea sorraraziko du.
  • Oinarriak betetzen ez baditu, bekadunak diru guztia itzuli beharko du.

  • (saihestekoa) Jakinarazten da 30 eguneko epea dutela interesdunek alegazioak egiteko.
  • Jakinarazten dizut 30 egun dituzula alegazioak egiteko.

  •  (saihestekoa) Ekitaldi hori oso txalotua izan zen herritarren aldetik.
  •  Ekitaldi hori asko txalotu zuten herritarrek.

  •  (saihestekoa) Ziur gaude neurriak oso abegi ona izango duela gurasoen aldetik.
  •  Ziur gaude gurasoek pozik hartuko dutela neurria.
  •  Ziur gaude gurasook pozik hartuko duzuela neurria [hurbilagoa].

  • (saihestekoa) Hezkuntza sailetik jakinarazi dute aurten inoizko ume gehien matrikulatu dela D ereduan.
  • Hezkuntza sailak jakinarazi du aurten inoizko ume gehien matrikulatu dela D ereduan.»

 

Eta, 250.-251. orrialdeetan:


 «IVAPeko IDAZKIAK


Tratamendua


Norbaiten izenean idatzi behar ditugu gure testuak. Horretarako, hiru aukera-edo:


•Erakundearen izenean; horrela eginez gero, halako urruntasuna eta ofizialtasuna ematen diogu idazkiari:


IVAPek 1998ko ekainean jarri zuen abian Duda-muda zerbitzua. Orduz geroztik, lau mila galdera baino gehiago jaso izan dira gure erakundean, eta gehienei, guztiei ez bada, erantzun egin zaie.


• Pluralean (gu); lankidetzaren garrantzia azpimarratzen dugu:


Zure eskaera luze-zabal aztertzen aritu gara, eta ontzat ematea erabaki dugu.


• Singularrean (ni); norberaren izenean hitz egiten dugu:


Honen bidez baimena ematen dizut ordainketak bideratzeko.


Azken biak, zer esanik ez, hurbilagoak dira eta naturaltasuna ematen diote komunikazioari; gainera, elkarrekin uztar daitezke:


Pozaren pozez jakin dut lan egingo duzula gurekin berriro.


Nolanahi ere, baztertzekoak dira beti gaztelaniazko ereduari jarraituz osotutako hirugarren pertsonako zenbait egitura:


⇓ Jakinarazten da

  Jakinarazten dizut

 

Hartzaileari dagokionez, egokiagoa da harekin bigarren pertsona erabiltzea (zu, zuek) honela deitzea baino: interesduna, hirugarren interesduna, parte hartzailea, azterketaria, etab.»

 

Zer esanik ez, Administraziorako balio duenak are zentzu handiagoa hartzen du bestelako esparru batzuetan; esaterako, irakaskuntzan. Edo kazetaritzan. Hala, IVAPek esplizitatzen duena gomendatzen dute Berria egunkariaren Estilo Liburuan ere (28. orrialdea, 'Inpertsonaltasuna' azpiatalean):


« Esaldi inpertsonalek indarra kentzen diote testuari, eta ezkutatu egiten dute agentea edo egilea. Azken buruan, berriari ere indarra kentzen diote, albistea nork edo zerk eragin duen lausotzen baitute.

 

Nolabait, kazetaritzaren egiteko nagusiarekin kontraesanean dago estilo inpertsonala: gertakari bat albiste bihurtu badugu, norbaitek zerbait egin edo esan duen seinale izango da; bada, esaldi inpertsonaletan, ez du inork ezer egiten, gauzak berez-edo gertatzen direla dirudi:


⇓ Atzo aurkeztu zen emaitzak biltzen dituen txostena. Bertan, sektorearen diagnostikotik abiatuta, hainbat aholku eta proposamen egin dira aurrera begira.

Gizarte eragileek atzo aurkeztu zuten emaitzak biltzen dituen txostena. Bertan, sektorearen diagnostikotik abiatuta, hainbat aholku eta proposamen egin dituzte aurrera begira.»

 

Amaitzeko, erdaraz nagusitu den estilo inpertsonal horrek hainbat aurpegi ditu: aditza inpertsonalean jartzea (zure galderan bezala), forma pasiboak erabiltzea, eta aditzetatik datozen izenak baliatzea. Tentuz ibili beharko genuke horiekin guztiekin, askok eta askok joera nabarmena baitute euskaran erdarazko formak kalkatzeko.