Galdera

 

Zelan esaten da euskaraz evaluación continua? Etengabeko ebaluazioa, ebaluazio jarraitua, ebaluazio jarraia, ebaluazio iraunkorra…? Marrarekin ala marra gabe? 

 

Data: 2012/03/22



Erantzuna

 

Gure ustez, ordainik egokiena etengabeko ebaluazioa da: halaxe jasotzen du Euskalterm terminologia hiztegiak, eta bai Nafarroako gure haurrideek (EIBZk) paratutako Hezkuntza Hiztegiak ere.

 

 

1/ Euskaraz, sarri, itsu-itsuka ibili behar izaten dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira handik-hortik-hemendik. Gero, dena ondo joatera, gizarteratu diren proposamen horietatik bat nagusitzen doa apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den... (mila arrazoi egon litezke). Zorte ona izan ezean, lehian jarraitzen dute forma batek baino gehiagok, eta erabiltzaile arruntok noraezean ibiltzen gara; bada, horixe gertatzen da zure kontsultako terminoarekin: etengabeko ebaluazioa eta ebaluazio jarraitua dabiltzala lehian (empoderamiento kontsultarako idatzitakoa aldatu dizugu hona: http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/340).

 

 

2/ Komentario txiki bat beste formen gainean:

 

Ebaluazio jarraitua ere izan zitekeen ordain egokia, baina uste dugu argiagoa dela etengabeko ebaluazioa, Hezkuntzatik kanpoko edozein euskaldun alfabetatuk ere ulertu lezakeena.

Ebaluazio jarraia, berriz, baztertzekoa da, ez dira-eta eraikitzen adjektiboak aditzoinaren gainean, partizipioaren gainean baizik (ikus http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/254).

• Badirudi ebaluazio iraunkorra formak ez duela arrakasta handirik izan. Seguruenik, gaztelaniazko evaluación permanente delakoa euskaratu behar denetan proposatutako forma izango da. Bistan dago erdararekin dugun morrontza: permanente = iraunkor eta continuo/a = jarraitua korrespondentziak egiten dira, euskarazko hitzon benetako esanahia kontuan hartu gabe.

 

3/ Amaitzeko: etengabeko ebaluazioa, ebaluazio jarraitua, ebaluazio jarraia, ebaluazio iraunkorra... forma horietan guztietan ez dago marra jartzerik noski: hitz elkartuetan erabiltzekoa da marra, eta ez [izenlaguna+izena] eta [izena+izenondoa] sintagmetan.