Galdera

 

Jaitsi ala jeitsi? 

 

Data: 2012/04/22



Erantzuna

 

Jaitsi da euskara baturako forma.

 

1/ Euskal hitzen forma estandarrak zein diren erabakitzea da Euskaltzaindiaren betebehar garrantzitsu bat, eta forma horiek guztiak Hiztegi Batuan zehazten ditu. Horra jo behar duzu jakiteko zein den hitz baten forma euskara batuan. Aholku bat: euskarazko testuak idatzi behar izaten ditugun guztiok Mozilla Firefox-erako Euskalbar tresnabarra instalatu beharko genuke ordenagailuan; bertan, hainbat baliabide dituzu: hizkuntza biko hiztegiak, Euskalterm, Orotariko Euskal Hiztegia, Hiztegi Batua bera...

 

2/ Baliteke Hiztegi Batuan honako hau irakurri izana:

jeitsi* e. jaitsi,

eta horrexegatik harritu zarela, jeitsi zerrenda horretan ikusita. Baina izartxoak (*) adierazten du hitzaren forma hori ez dela erabili behar, eta 'e.' laburdurak, berriz, ondoko forma erabiltzeko agintzen du: "forma okerra da jeitsi; erabili jaitsi".

 

3/ Beste adibide bat: "isladatu* e. islatu". Beraz, forma okerra da isladatu, eta islatu erabili behar dugu.

Adibide gehiagotarako, irakurri itzazu http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/348 ("hausnartu edo ausnartu?") eta http://www.irale.hezkuntza.net/web/guest/262 ("iaz edo ihaz?").