Galdera

 

Nola esan behar dugu? Irakasle-gela ala irakasleen gela?

 

Data: 2012/04/25



Erantzuna

 

Bada, biak daude ondo: hitz elkarketaren bidez sortutakoa zein izenlaguna duena erabili zenezake.

 

 

1/ Hezkuntzari dagokion terminologiaren gaineko kontsulta gehienetan bezala, zuri ere hiztegi hau aholkatuko dizugu: EIBZ Nafarroako Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrokoak paratu duten Hezkuntzako Hiztegia.

 

Esaterako, bertan kontsultatu dezakezu gaztelaniazko sala de profesores nola eman: irakasle gela forma jasotzen du (gogoratu aukerakoa dela marratxoa hitz elkartu horietan).

 

2/ Egia esan, gutako askok irakasleen gela aukeratuko luke. Jakina, oso emankorra da hitz elkarketa euskaraz, baina, batzuetan, badirudi ahaztu egiten zaigula izenlagunen bidea ere erabili dezakegula. Hitz elkartu baten aurrean, asmatu egin behar dugu zein den bi osagaien arteko harreman sintaktikoa. Esaterako, zer da emakume literatura: emakumeek berek egindako literatura ala gizonek zein emakumeek emakumeentzat propio egindakoa? Euskaltzaindiaren 25. arauan ere ("Hitz elkartuen osaera eta idazkera") kontu hori aipatzen da:

"Askotan eta egoki balia daitekeen hitz-elkarketak ere baditu, ordea, bere mugak. Osagaien arteko erlazio ilunak direla medio, mezu-hartzailearentzat ulergaitz gerta daiteke hainbat kasutan hitz elkartua. Hobe da kasu hauetan eraikuntza sintaktiko libreetara jo, argitasunaren mesedetan: unibertsitateko irakasleak, merkatuaren bilakaera, udaletxeen antolamendua edo elizbarrutiko museoa esan eta idatz dezagun halakoetan, unibertsitate-irakasleak, merkatu-bilakaera, udaletxe-antolamendua edo  elizbarruti-museoa modukoetara lerratu gabe."

 

IVAPen Galdezka liburuan ( http://www.ivap.euskadi.net/r61-euskcont/es/contenidos/informacion/euskalduntze_argitalpenak/es_hizkera/adjuntos/GALDEZKA/Galdezka.pdf) "Adjektibo erreferentzialak" atalean agertzen diren adibideak aldatuko dizkizugu hona:


hortz haria  → hortzetako haria

haur literatura → haurrentzako literatura

eguzki energia → eguzkitiko energia

zehar ebakidura → zeharkako ebakidura

 

Zergatik esan dizugu, orduan, biak daudela ondo, bietako edozein erabili dezakezula arazorik gabe? Bada, iruditzen zaigulako irakasle gela hitz elkartua erabat gardena dela.