Galdera

 

Zuzena da euskaraz Aukera bat huts egin du esaldia? 

 

Data: 2012/05/04



Erantzuna

 

Galdetu diguzu ea zuzena den euskaraz aukera bat huts egin du esaldia; hau da, ea huts egin aditz esapideak NOR kasuko objektua hartu dezakeen. Hona erantzuna: BAI, ZUZENA DA huts egin aditza horrela erabiltzea, baina salbuespena da. Arrazoitu dezagun, baina, erantzuna.

 

Euskaraz, aditz elkartu ugari erabiltzen ditugu.

 

-Berezkoak: onetsi, oniritzi, luzetsi, berantetsi

-[Izena + izan/ukan] egiturakoak: maite izan, nahi izan, behar izan, balio izan, higuin izan, ezagun izan…

-[Izena + egin/eman/hartu] egiturakoak: negar egin, alde egin, lo egin, hitz egin, berba egin, huts egin, min eman, hitz eman, bide eman, min hartu, kontu hartu

 

Eta begira zer dioen Euskaltzaindiak bere Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-II liburuko 45.-46. orrialdeetan (pdf formatuan duzu Interneten: http://www.euskaltzaindia.net/dok/iker_jagon_tegiak/24569.pdf):

 

«[…] Hirugarren sail horren eta aurrekoaren artean bada diferentzia nabarmen bat egitura aldetik: biak NOR-NORK motakoak izanik ere, [Izena + izan/ukan] egiturako aditzak daramatzaten perpausetan, beste izen sintagma absolutu bat [NOR kasuan] ager daiteke (“maite ditut gure bazterrak”); [Izena + egin/eman/hartu] egiturakoekin, ordea, ezin daiteke halakorik gerta, negar, berba, hitz, min, e.a.baitira hasierako izen sintagma absolutu mugagabeak, gaur egun esapide horietako izena iharturik badago ere. Izen ihartu horrek bere aztarna uzten du, eta horregatik ezin ditugu perpaus hauek bezalakoak osatu:


*Iñakik etxea alde egin du

*Iñakik bere andregaia alde egin du

*Ez du egia hitz egin


Zernahi gisaz, BADA SALBUESPENIK:

 

Trena huts egin du »

 

Euskaltzaindiko LEF (Lexiko Ebazpenen Finkapena) Batzordeak argitaratu zuen Hitz Elkarketa/3 (Euskaltzaindia, Bilbo, 1991) liburuan ere, [Izena + egin/eman/hartu] egiturako aditz esapideen gainean diharduen atalean, honela dio 12. oin oharrean:

 

Huts eginek bi adiera ditu: bata, hemengoa [“Zirka hori ez du huts egin behar Martik” (Jean Etxepareren adibidea da)], trena huts egin eta antzekoetan agertzen dena, beste izen sintagma absolutu bat onartzen duena, eta horrenbestez, ADITZ ESAPIDE HAUEN ARTEAN OSO BEREZIA DENA; bestea, hurrengo adibidekoa [“Orhoit hadi heure lan guztietan eta huts eginen eztuk biziko egunetan” (Joanes Etxeberri Ziburukoaren adibidea)].

 

Beraz, oso zentzuzkoa izan da izan duzun zalantza, antzeko beste aditz esapideekin nola jokatu behar den barneratuta duzula, hiztun senak erne jarrarazi baitzaitu araua hausten duen egitura baten aurrean.

 

Kontsultan, galdetu diguzu ea tradizio handikoa den buruhaustea ekarri dizun erabilera. Hori erantzuteko, iturrietara jotzea izaten da onena, eta iturriok Orotariko Euskal Hiztegiak biltzen ditu (http://www.euskaltzaindia.net/oeh). Huts egin sarrera lexikalean dakarrena oso luzea delarik, ez du merezi oso-osorik ekartzea hona; bai, baina, bi zati hauek:

 

(V-gip ap. Etxba Eib; VocBN, H; uts- VocB). (Con objeto directo explícito). Errar, fallar algo. "Manquer un gibier sur lequel on a tiré" VocBN. "Manquer un coup, ne pas atteindre un but, un gibier que l'on vise, manquer une affaire, un mariage, une occasion de gain. Ukhaldi, pilota, xedea, ihizia, egiteko bat, ezkontza bat, irabaz bide bat huts egitea, [...]" H. "Errar el tiro o golpe" VocB. "Uts eiñ eban pelotia eta galdu eban tantua" Etxba Eib. Eta kolpea huts egin bada ere, eztela zure faltaz edo zu hartako ez gai izanez. Ax 8 (V 4). Ez baitzuen huts egin pontu xoil bat ere. Mih 89. Pauso au utsegiten badezu betiraunde guziko utsegiña izango da. AA III 457. Nola, irten bezala / txitoa arraultzetik, / ez duen utsegiten / mokoka alerik. It Fab 158. Egun batez eskolako orena huts egin zuen harekin sobera egonik. Laph 88. Sakramentuak maiz eta ondo / errezibitzen badira, / pausorik ere utsegin gabe / zeruetako glorira. PE 30. Donianeko ihiztari batek aintzineko astean huts egin erbi bat. Barb Sup 29. Ezker-eskubi sendoak dauzka, / naiz kolpe batzuk utsegin. Basarri 89. Basurdeak / oihanean zaudela, / urrunegi izanez / huts egin tuztela. In Xa EzinB 64. Ain berezkoa al du, bada, kondairak zenbat auntz pasa diran banan-banan jakitea, bat bakarra utsegin ezkero, andik aurrera jarraitzerik ez izateko? "Se yerra". Berron Kijote 223. v. tbn. Lg II 120s. JesBih 408. Elsb Fram 99. Uts egin: fB Ic III 318. Echag 227. Ud 146. (Sin egin). Laster ill eban agoaz einda putz, / baña atzamarragaz txoria eban uts. AB AmaE 310.

 

Fallar (un día, una ocasión...). Eskatzen dio len bezala kongregaziora joateko baimena ta joaten da bein ere uts egin bage. Mb IArg I 329. Bialduten deutsazu [...] ogi erdija basora irudogei urtian, egun bat bere uts egin bagarik. fB Ic I 70. Berrogoi urtez holaxet izkiriatu ukan ditu arrats guziez, bat huts egin gabe. JE Bur 160. Nere Iñaxio onak, ez du egunik utz egin ni ikusi gabe atzo artean. Ill Testim 16s. Altxatzen ahal zuen dirua bere ama gaizoari igortzen zakon, sekula huts egin gabe. Zub 86. Egun bat uts egin bage, / otoi ta asperen, ertsa baititut / San Mikel eta Trinitate. Or Eus 252. Meza entzuten zuen egunik utsegin gabe. TAg Uzt 110. Erriko pesta egunean asi ta iraillaren 14garrenera [...], apaizak etxun egunik utsegiten. Or QA 74. Anjelen berri jakiteko aitzakiz, egunik utsegin gabe, an joaten zan mutillaren etxera gure neskatxa. NEtx LBB 143. Amabost-aldi batian iñoiz / utsegin gabe egunik. Uzt Sas 174. Iru urterekin asi ta gaur arte, soldaduskako biak besterik ez dizkiñat utsegin. Ataño MLanak 165.

 

Adibideok irakurtzeko adinako pazientzia biltzen baduzu, konturatuko zara euskalki batean baino gehiagotan (baita zurean ere!) eta –Axularren adibidea duzula frogagarri– hizkuntza idatziaren garai zaharretatik erabili dela [huts egin +NOR kasuko objektua] egitura.

 

Amaitzeko, galdetu diguzu ea ikasleei erakusteko egitura den, ea bultzatu behar dugun. Jakina, aurreko guztia ikusita, ez dago inolako eragozpenik egitura hori (salbuespena dela nabarmenduta!) erakusteko eta erabiltzen bultzatzeko, guztiz errotuta eta gramatikala delarik. Are gehiago, Ibon Sarasola euskaltzainaren Euskara Batuaren Ajeak liburu guztiz gomendagarrian (Alberdania, Zarautz, 1997), 166. orrialdean, honela dio trena galdu esapideari dagokionez:

 

Trena galdu. Ezin du esapide bitxi hau ulertu espainolez ez dakienak. Trena huts egin, aldiz, ez zaio arrotz egingo euskaraz dakienari, inoiz entzun ez badu ere, meza huts egin, eskola huts egin-en sailekoa baita. Eta trena huts egin esapideak tradizioa du. Iparraldean arrunta da, hiztegietan dator eta testuetan: Bortz orenak! Treina huts eginen dut, hola hemen egonez (Barbier), edo hotelerako treina huts egiten dutenak (Larzabal), e. a. Hegoaldean, zera… trena huts egin dot eta (Erkiaga) gutxienez. Ez du trena galduk tradizio hoberik, eta, idatziz bederen, trena huts egin bultzatzen saiatu behar genuke, Hegoaldean erabiltzen den trenak ihes egin (dit) ahaztu gabe.

 

Liburua kontsultatu nahi izanez gero, google books-en duzu (ez osorik, ohi bezala): (http://books.google.es/books?id=RW1xwiGp55MC&pg=PA159&hl=es&source=gbs_toc_r&cad=4#v=onepage&q&f=false)