Galdera

 

Kultura astea ala kultur astea? Ala aste kulturala

 

Data: 2012/05/10



Erantzuna

 

Hona gure aholkua: erabili ezazu kultura astea forma, marratxoarekin (kultura-astea) edo marratxorik gabe.

 

1) Kultura astea edo kultur astea bi formen artean hautatzeko orduan, kontuan hartu behar da Euskaltzaindiaren 25. araua ("Hitz elkartuen osaera eta idazkera"). Arauaren arabera, izena+izena egitura duten horrelako elkarketek aukerakoa dute marra (bikoteak eta errepikapenak direnean, berriz, derrigorrekoa da marra jartzea: maisu-maistrak, neba-arrebak, gizon-gizona...). Hortaz, zuzenak dira kultura astea zein kultura-astea.

 

2) Beste kontu bat da lehen osagairako kultur idaztea zuzena den. Hona zer dioen arauak:

 

Elkarteko lehenbiziko osagaiak ia amaiera duenean a-rekin nahiz a gabe idatz daitezke: biologi azterketa, biologia(-)azterketa. Bestelako a itsatsiak ez dira galtzen elkarketa egiten denean, eta hitzak bere osotasunean eman behar dira. Salbuespen dira, dena dela, honako sei hitz hauek: burdina, eliza, hizkuntza, kultura, literatura eta natura. Hitz hauek, hala nahi izanez gero, gal dezakete a hori. Idazkerari dagokionez, amaierako a galtzen den bakoitzean, bereiz idatziko da hitz elkartua eta gordetzen denean, aukeran izango da bereiz idaztea nahiz marratxoa erabiltzea: kultur etxea, biologi azterketa, kultura(-)etxea, biologia(-)azterketa.

 

Beraz, kultur astea idaztea, marrarik gabe, zuzena da.

 

Bestalde, jakin ezazu gero eta joera handiagoa dagoela amaierako a horiek ez kentzekoa. EIMAk, esate baterako, ez kentzea gomendatzen eta hobesten du eskola-materialetan (Ortotipografia, 69. orrialdea).

 

Hortaz, zure galderari erantzuteko, aukeran duzu hiru modu hauetan idaztea: kultura-astea, kultura astea edo kultur astea.

 

3) Ez da komeni aste kulturala eta horrelakoak erabiltzea.

 

Erdarazko cultural adjektibo erreferentzialaren esanahia da "kulturari dagokiona", edo antzeko zerbait. Horrelakoetan, adjektiboak erabili beharrean, beste baliabide batzuetara jotzea komeni da euskaraz, aurreko mezuan esan genizun bezala.

 

Hala, ahal den neurrian, batez ere adjektibo kalifikatzailea den kasurako erabili beharko genuke euskaraz adjektiboa (asko sinplifikatzen ari gara; ia-ia banan-banan aztertu behar dira kasu guztiak). Adjektibo kalifikatzaileak graduatu egin daitezke: oso handia, handiagoa, handiena...; ez daukate zentzu handirik, ordea, aste kultural delakotik abiatuta, oso aste kulturala, zuena baino aste kulturalagoa, asterik kulturalena... sintagmek; ez, behintzat, zuk nahi duzun adierarako.

 

Beste kontu bat izango litzateke adibidez Milanera joan astebeterako eta bertan museoak eta arte erakusketa guztiak irentsita, eta pare bat aldiz La Scala operara joanda, eta horrela ibilita egon eta gero, "oso aste kulturala pasatu dugu" esanez bueltatzea. Esaldi horretan, bistan denez, kalifikatzailea da.

 

Gauza bera gertatzen da natural adjektiboarekin: Natura Zientziak (Naturaren Zientziak) esaten dugu euskaraz, baina Ciencias Naturales gaztelaniaz; laranja zuku naturala, berriz, gaztelaniazko zumo de naranja natural delakoaren pare-parekoa da: erdaraz, natural adjektibo erreferentziala da lehen kasuan, eta adjektibo kalifikatzailea bigarrenean.

 

Berriz diogu, baina: erdal adjektibo erreferentzialena terminoak euskaratzeko ditugun buruhausteetan korapilotsuenetakoa da zalantzarik gabe; ia-ia bana-banan aztertu behar dira kasu guztiak.