Galdera

 

Eskutitz batean, “enterado y conforme” adierazteko, zuzena al da “jasoa eta ados” idaztea? 

 

Data: 2012/06/05



Erantzuna

 

'Jakitun eta ados'

 

 

IVAPera jotzea izaten da horrelako kontsultei erantzuteko bide egokiena; kasu honetan, 1994an argitaratu zuen "Administrazioko lokuzioak eta formulak" zerrendara. Helbide honetan duzu, pdf formatuan.


Bertan topatu dugu nola euskaratu 'darse por enterado y conforme' formula: 'jakitun eta ados geratu'. Beraz, zuen 'jasoa eta ados' hori erabili beharrean, badirudi 'jakitun eta ados' erabili behar duzuela.

 

Geratu aditza txertatzearen kontuarekin, ez dakigu zer esan: testuingurua falta dugu aholkua emateko. Egia esan, esamolde estereotipatu horiek ederto ulertuko dituzte administrazioko langileek; gehienetan, haiek baino ez; beraz, administrazioko langileen arteko komunikazioetan bakarrik erabiltzekoak dira. Gurasoei bidaltzen dizkiezuen gutunetan -esaterako-, lekuz kanpo daude, gure ustez; egokiagoa eta dotoreagoa litzateke hizkera naturala baliatzea.