Galdera

 

Subjuntiboa: noiz erabili n eta noiz –la

 

Data: 2012/06/23



Erantzuna

 

Zure kontsulta da: (1) “(Zuek niri) ahalbait azkarren etor zakizkidateN utzi dizut mezua” edo (2) “(Zuek niri) ahalbait azkarren etor zakizkidateLA utzi dizut mezua”, bietatik zein den zuzena.

 

Bada, gure ustez biak dira zuzenak, baina esanahi desberdinak dituzte: lehenean, ZERTARAKO da galdera inplizitua, eta ZER MEZU bigarrenean.

 

Esaldi sinpleago bat erabilita:

 

Helburuzkoa:


—Zertarako esan didazu hori (txakurra hilzorian dagoela, esaterako)?

Lehenbailehen etorri zaitezen esan dizut.

 

Konpletiboa:


—Zer esan didazu?

—Lehenbailehen etorri zaitezela esan dizut.

 

• Dakizuenez, helburuzko perpausak (zure lehen adibidean bezala) eta aginte perpausak (Ikusi dezagun nola ebazten den ariketa hau) osatzeko balio du subjuntiboak, bai eta nahi(ago) izan, gura izan, espero izan, opa izan... aditzak duten perpausetan osagarri gisa ere (Nahiago dut zeuk egin dezazun, eta ez Aitorrek).

 

• Zure (2) “Zuek niri albait azkarren etor zakizkidatela utzi dizut mezua” esaldian, mezua izenaren perpaus osagarria da albait azkarren etor zakizkidatela perpaus konpletiboa. Bada beste bide bat biak josteko (Euskaltzaindiaren 116. araua):

 

Albait azkarren etor zakizkidatelako mezua utzi dizut.

 

Gehienetan, baina, deslekutu-edo egiten ditugu perpaus osagarri horiek, bai tradizio idatzian, bai ahozkoan (eta, seguruenik, testu ulerterrazagoak eta arinagoak lortzen dira horrela jokatuta):


Seinale (da) gauzak ondo egiten dituela (Gauzak ondo egiten dituen seinale (da)).


Irudipena dauka beste norbait izendatuko dutela zuzendari (Zuzendari beste norbait izendatuko dutelako irudipena dauka).


Esperantza dut datorren urtean hobeto joango dela ekonomia (Datorren urtean ekonomia hobeto joango den esperantza dut).


Susmoa dugu kendu egin nahi digutela egoitza (Egoitza kendu egin nahi digutelako susmoa dugu).

 

Horrexegatik uste dugu zure bigarren esaldia ere zuzena dela (beste hurrenkera batekin aldatuko dizkizugu hona elementuak):


Mezua utzi dizut albait azkarren etor zakizkidatela.

 

Bigarren kontu honetaz, irakurri ezazu EGLU V [Euskal gramatika lehen urratsak. V, (Mendeko perpausak-1, osagarriak, erlatiboak, konparaziozkoak, ondoriozkoak)]; 1.6. atala: “Perpaus osagarri izenlagunak” (eta, bide batez, lehen puntukoa argiago geratu dakizun, irakurri 1.5. atala ere: “Subjuntiboko perpaus osagarriak”).

 

Amaitzeko, aurrekoarekin zerikusirik ez duen kontutxo bat: Euskaltzaindiaren Hiztegi Batura jo, eta ahalbait berbaren sarreran hau topatu dugu: ahalbait* e. albait

Jakingo duzunez, forma hori ez erabiltzeko agindua adierazten du izartxoak (asteriskoak), eta erabili beharreko forma beste hura dela adierazten du ‘e.’ delakoak: “baztertu ezazu ahalbait; eta erabili albait haren ordez”.