Galdera

 

Nola esan euskaraz: “a las cinco y veinte minutos” eta “en el minuto trece”? 

 

Data: 2012/09/17



Erantzuna

 

 

1. Euskaltzaindiaren arau berri (1995ekoa da) batek orduena du hain justu hizpide: "Orduak nola esan" (35. araua). Bertan irakurriko duzu nola esan eta idatzi edozein ordu.

 

Hemen dituzu adibide batzuk:


• "Goizeko bostak eta hogeian altxatu zen Balaitusera igotzeko..." (zenbakiekin, 05:20an)

• "... eta hamarrak hamar gutxitan iritsi zen gailurrera" (zenbakiekin, 09:50ean)

• "(Arratsaldeko) Hirurak eta hogeita bostean eman zituzten Teleberrin tsunamiaren irudiak" (zenbakiekin, 15:25ean)

 

 

 

2. Beste kontu bat da nola eman "en el minuto trece". Gure ustez, euskaraz "hamahirugarren minutuan (13. minutuan)" behar du, "hamahiru minutuan" delakoak beste esanahi bat baitauka:

 

• "Hamahiru minutuan bete zuen test psikotekniko osoa, bai eta item guztiei zuzen erantzun ere; gainerakoek ordubete behar izan zuten, gutxienez" (= hamahiru minutu behar izan zituen testa amaitzeko; hots, iraupena adierazten du hamahiru minutuan sintagmak, eta ez minutu jakin bat)

 

Bidenabar esanda, horixe da Euskaltzaindiaren 110. arauaren gaia. Merezi du irakurtzea (aurrekoa ere bai, jakina: horretarako jarri dizkizugu bi estekak), ikasteko nola adierazi euskaraz iraupena, eta -prezio berean- maiztasuna.

 

Hala, desberdinak dira esaldi bi hauek:

 

• "Hiru egunean egin zuten dantza lokatzetan Woodstock-eko kantaldira bildutako hippyak (72 ordu iraun zuen jaialdiak)"

 

• "Hiru egunetan proiektatuko dute The Amazing Spiderman pelikula hiru dimentsiotan Ordiziako Herri Antzokian: irailaren 7an, 10ean eta 11n".