Galdera

 

Nola esan behar da? "Ane liburu eta guzti etorri da" ala "Ane liburuak eta guzti etorri da"? 

 

Data: 2012/09/21



Erantzuna

 

Bada, nahiz eta eta guzti horren aurreko sintagmaren zentzua plurala izan, mugatzailerik gabe erabili behar duzu:

"Ane liburu eta guzti etorri da".


Hainbat hiztegitan kontsultatu dugu, eta ohar hau dakar gehienetan:

 

"Mugatzailerik ez duen izen sintagma baten ondoan" erabiltzen dela eta guzti postposizioa (Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegiko berbak dira kakotx artekoak).

 

Beste bi hiztegitan irakurritakoa aldatuko dizugu hona:

 

Elhuyar:


1 (mugatzailerik hartzen ez duen izen-sintagmaren ondoren) con... y todo, con... inclusive


· Jantzi eta guzti sartu zen ibaian: se metió al río con ropa y todo.

· Ez dugu guk hizkuntza hori, euskalki eta guzti, asmatu: nosotros no nos hemos inventado esa lengua, con sus dialectos y todo.

 

Labayru:

 

1 postp. y todo. Precedido de sustantivo indeterminado


· Liburu eta guzti etorri zan. Txapel eta guzti egoan eleizan. Soineko eta guzti ekarri dau.

 

 

Egia esan, topatu daitezke euskal testuetan mugatzailea (artikulu plurala) duten adibideak, baina oso-oso gutxi dira. Kontuan hartu oraintsu arte normalizatu gabe egon dela euskara, eta logikoa dela horrelakoetan, zuri gertatu zaizun bezala, zalantzak izatea.