Galdera

 

TE/TZE amaierak, aditzaren atzean jartzen denean, zer adierazten du, izena?

 

Data: 2012/10/04



Erantzuna

 

Ez dakigu zehatz-mehatz zertan den zure zalantza, baina saiatuko gara kontuak apur bat argitzen. -TE/TZE amaieradun adizkiak (irakurtze, apurtze, eraikitze...) izendatzeko, aditz-izena terminoa erabiltzen dugu gramatikan; eta, partizipioekin (irakurri, apurtu, eraiki...) eta aditzoinekin (irakur, apurtu/apur, eraiki...) batera, adizki ez-jokatuak dira.

 

1/ 'Aditz-izena' terminoak berak azaltzen digu nolabaiteko izaera bikoitza dutela adizkiok: aldi berean dira aditz eta izen. Horrexegatik izan daitezke perpaus oso baten (subjektua eta bestelako osagarriak dituztela) ardatzak, aditzak diren aldetik; eta, gainerako izenekin gertatzen den bezala, kasu-markak hartu ditzakete:

 

[Amaiak nire azken liburua irakurtze]ak buruko mina ematen dit.

                                                     =   Zaratak buruko mina ematen dit.

[Datorren asteburuan Vignemalera igotze]az gain, Luz Saint-Sauveurreko bainuetxera joan beharko zenuke erlaxatzera.

                                                               = Mendiaz gain, baditu bestelako zaletasunak ere.

 

2/ Ekialdeko hizkeretan (zubereraz...), izen izate hori hainbeste gailentzen da (nolabait esateko), non osagarri zuzenak NOREN kasuan ematen dituzten aditz-izena duten perpaus jokatugabeetan (benetako izenekin gertatzen den bezala: "Idiazabalgo gaztaren dastaketa"):

 

"[...] egün batez jaikiko dira egiazko eskualdünak tirano arrotzen ohiltzeko" ("[...] egun batez/batean, jaikiko dira egiazko euskaldunak tirano arrotzak botatzeko", gure inguruko hizkeretan)

"Denbora eijerrarekin bista paregabekoaren gozatzeko parada dükezüe" ("Denbora/eguraldi ederrarekin bista paregabekoa gozatzeko aukera izango duzue").

 

3/ Gaztelaniaz, infinitiboa da euskal aditz-izenaren parekoa:

 

               [El frotar los cacharros de cocina] se va a acabar.

                                  = El partido se va a acabar en dos minutos.

Me alegro mucho de [verte por aquí].

    = Me alegro mucho de tu éxito.

 

Dena dela, norbaitek galdetuko baligu "Nola esaten da euskaraz elegir?" (hau da, infinitiboa aipatuta), Hego Euskal Herriko hiztunok partizipioarekin erantzungo genioke, ez aditz-izenarekin: aukeratu; Ipar Euskal Herrikoek, ostera, aditz-izena esaten omen dute, artikulu eta guzti: aukeratzea. Era berean, aditzen sarreretan partizipioa jartzen da euskarazko hiztegietan, baina infinitiboa gaztelaniazkoetan.

 

4/ Ingelesez, gaztelaniaz ez bezala, gerundioa (-ing amaieradun atzizkidun adizkiak) da, ñabardurak ñabardura, euskal aditz-izenen parekoena (Wikipediarako esteka honetan topatuko duzu informazioa: http://en.wikipedia.org/wiki/Gerund):

 

Smoking endangers your health.

Breathing deeply helps you to calm down.

I've made good progress in speaking Basque.

Is there any objection to my seeing her?

 

5/ Batzuetan arazoak sortzen dituen arren, euskaraz aditz-izenak erruz erabiltzea dakar izaera bikoitz horrek. Hala, erdaraz aditzetatik datozen izenak erabiltzen diren esaldietan (jakina, infinitiboa ere erabili daiteke), euskaraz aditz-izena erabili liteke modu naturalagoan:

 

Los sindicatos han denunciado el uso de criterios partidistas en la elección de los directores.

 

Sindikatuek zuzendarien aukeraketarako irizpide partidisten erabilpenaren salaketa egin dute (desegokia: oso zaila ulertzeko!!).

 

Zuzendariak aukeratzeko irizpide partidistak erabiltzea (erabili izana) salatu dute sindikatuek.

 

Asko luzatu gaitezke aditz-izenaren gaineko kontuak azaltzen (zer kasu-marka hartu ditzakeen, laguntzailearekin doanean zer aspektukoa den...), baina ez dakigu merezi duen: uste dugu nola edo hala erantzun diogula kontsultatutakoari. Dena dela, prest bazaude aditz-izenaren gainean gehiago irakurtzeko, irakurri Euskal Gramatika Lehen Urratsak - II Euskaltzaindiaren liburuko 95-110 orrialdeak (pdf formatuan daukazu estekan).