Galdera

 

Nori beldur eta noren beldur: biak daude ondo? Zeren beldur? Zeri beldur? 

 

Data: 2012/10/08



Erantzuna

 

Galdetu diguzu ea nori beldur eta zeren beldur biak dauden ondo.

 

Ba, bai: biak daude ondo. Baina aztertu dezagun pixka bat beldur hitza, erantzun kategoriko horrek -bere horretan utzita behinik behin- ez du-eta zertarako balio.

 

Euskarazko beste hitz askorekin gertatzen den bezala, beldur izena da, baina eta adjektiboa ere bai (are gehiago: beldurtu aditzaren aditzoina ere bada). Gehienetan, NOREN kasuarekin joango da; baina ohikoa da NORI kasuarekin ere joatea, batez ere beldur(ra) izan/edun/eduki aditz-lokuzioarekin, beherago dauden hainbat adibidetan ikusiko duzun bezala (badira bestelako aukera batzuk ere, baina ez gara luzatuko horiekin: erabiliena bakarrik azalduko dizugu). Eta, horretaz guztiaz gain, kontuan hartu behar duzu beldur hitzak menpeko perpaus bat ere hartu dezakeela osagarri.


NOREN kasuarekin (adjektibo zein izen): "Txetxeniako herritarrak errepresio ekintza zigorgabeen beldur dira, legez kanpoko atxiloketen beldur, desagerketen beldur..."; "Gerra zibilaren beldurra berriz piztu da Iraken, Samarrako Al Askari santutegi xiitaren aurkako erasoaren ondorioz", "Ez nintzen mugitu, hurbilduko banintz egingo zidanaren beldurrez"...

 

NORI (adibide gehienetan, izen): "Gure osabak sekulako beldurra die armiarmei", "Minari beldurra izatea ere naturala da", "Bildurra deukotsat horreri txakurrari (bizkaieraz)"... Honelakoak non-noiz esaten diren ez dakigu, baina gramatikalak dira: "Neguan hotzari eta udan beroari beldur zaiona ez da ez zaldun ez merkatari ona".

 

PERPAUS OSAGARRIAREKIN (adjektibo zein izen): "Aitonari begira zegoen, ezer sumatuko ote zuen beldurrez", "Beldur naiz zer iritziko ote dion nire lanari", "Zerbait gertatu ote zaion beldur gara", "Beldur naiz irribarre batekin ez ote dizun erantzungo", "Haurra beldur da sugeak egongo direla"...

 

Eta hainbat aditz-lokuzio sortu dira beldur izenaren edo adjektiboaren gainean; besteak beste:


beldur izan: (eman dizkizugu hainbat adibide goian)

beldur(rak) egon: "Beldurrak egoten nintzen beti, istripu bat izango ote zenuen", "Alberto kolegiotik etortzen zenean oporretan, gure ama beti beldur egoten zen zerbait eramanen ote zuen bahitura-etxera"...

beldur(ra) izan/edun/eduki: (eman dizkizugu hainbat adibide goian)

beldur(ra) eman: "Beldurra ematen dit litro bat gasolina litro bat ur baino merkeagoa dela pentsatzeak", "Beldurra ematen dit haiekin harremanetan jartzeak"...

beldur(ra) hartu: "Bizitzan lehen aldiz, beldurra hartu nion neure buruari"

 

Kontua da ea zertarako erabili nahi izan duzun (edo erabili nahi duzun) beldur hitza; testuinguruaren arabera, aukera bat edo bestea egin beharko duzu (gaztelaniaz ere hainbat eratara adierazten dugu beldurra: "Le tengo miedo a...", "Me da miedo...", "Me temo que...", "Me horroriza...").