Galdera

 

Nola erabiltzen da bero hitza? Adibidez: beroak nago, bero nago, beroa naiz, bero naiz... 

 

Data: 2012/09/21



Erantzuna

 

 

Galdetu diguzu bero naiz / beroak nago / bero nago / beroa naiz... nola erabiltzen den bero hitza.


Bero da / Bero egiten du / Bero dago: Fenomeno atmosferikoa adierazteko esapideak dira. Artikulurik gabe erabiltzen da, salbu eta graduatzaile batekin doanean:"Sekulako beroa egiten du".


"Tindufen, basamortuan, bero izaten da"

"Jendea mantuetan bilduta baizik ez zen ateratzen, bero izan arren".

 

Bero naiz: Bero sentsazioa adierazteko esapidea (gazt., tengo calor).


"Dutxa hotz bat hartu behar dut lehenbailehen, bero naiz eta".

 

Beroak nago: Hau ere bero sentsazioa adierazteko esapidea da; kasu honetan, fosildua: "Beroak (hilda, itota, amorratuta...) nago" moduko egituratik dator, bitarteko aditz hori ezabatuta (ezkutuan aditz horietako bat dagoelako dago NORK kasuan).


"--Uztazu dena zabalik: beroak nago --esan zion lagunak".

 

Beroa naiz: Pertsonaren izaeraren berezko ezaugarri bat adierazten du esapide honek: sutsu, kartsu, suhar... izenondoen parekoa da hor bero hitza.


"Berdegunean, ordea, erabat itxuraldatzen da: jokalari beroa da, indartsua, markatzaile zorrotza, liderra".

"Zesar inoiz ez da beroa izan bere erreakzioetan norbaitek probokatu nahi duenean".

 

Bero nago: Aurrekoa bezalako zerbait; baina, berezkoa izan beharrean, aldi baterakoa da:


"Bero nago, guztiz haserre munduarekin, eta edozein astakeria egin dezaket ez banauzu geldiarazten"

"Bero-bero zeuden jokalariak, eta bero-bero Labrit pilotalekuko harmailak ere".

 

Amaitzeko, kontu irristakor bat, ez ditugu-eta nahastu nahi nola hitz egiten den eta nolakoa izan behar duen euskara estandarrak. Euskaldun askok eta askok, zaharrek zein berriek, beroa daukat/dut esapidea erabiltzen dute (dugu). Baliteke erdaratiko kalkoa izatea, eta erabilera okerra izatea: ez gara ausartzen gaitzesten, baina egia da kontsultatu ditugun hiztegietan eta eskuliburuetan Elhuyar hiztegian baino ez dugula aurkitu, adibide honetan:


Si tienes calor, apaga el fuego: Beroa baduzu, itzali sua.

 

Gaur egungo literaturan ere gutxi dira adibideak. Bi aldatuko dizkizugu hona, egileak entzutetsuak baitira (lehena Koldo Izagirreren itzulpena da, eta Anjel Lertxundiren testua bigarrena):

 

“Herritarrak batzen hasi zitzaizkion inguruan; andrazkoak ehun mehe eta zuriko zapien bila joan ziren eta aurpegia xukatzen zioten malkoak erlikia legez gordetzeko, eta honela esaten zioten: «Monsinorea, zelako beroa daukazun!»”


"[...] susto batean hartu ninduten, nola bestela!, etxekoandreak besarkatu egin ninduen, gaixoa, gaixoa, esaten zidan behin eta berriro, eta etxekoandreak eta ezagutzen ez nuen gizonezko batek manta batean bildu ninduten, eta nik, beheko ezpaina hozkaturik, kikilduarena egin nuen, baina beroa neukan mantapean, urduritasunak izerdi patsetan nindukan, kamamila atera zidaten [...]"