Galdera

 

Behar aditza beti erabil behar dugu ukan aditzarekin ala izan aditzarekin ere erabili daiteke? 'Joan behar dut' ala 'Joan behar naiz'?

 

Data: 2014/02/10



Erantzuna

 

 

Euskaltzaindiak “joan behar dut” hobesten du.


1/ Behar izan aditzarekin batera doan beste aditza NOR-NORK sailekoa denean, ez dago zalantzarik (inpertsonala edo pasiboa ez bada, edun aditz laguntzailea erabiltzen da):


Auto berria erosi behar dute. / Auto berriak erosi behar dituzte.

Lehenbailehen aldatu behar ditugu ohiturak, bestela...

Biharko konpondu behar nioke ordenagailua.

 

2/ Aditza NOR sailekoa denean, berriz, bi jokabide izan dira hiztun eta idazle euskaldunon artean. Jokabide hedatuena edun aditza erabiltzekoa da, baina izan laguntzailea ere erabilia izan da eta erabilia da lehenagoko eta gaur egungo testuetan, ia Euskal Herri osoan:


 Aitari bazkaria eramatera joan behar zuen gero. / Aitari bazkaria eramatera joan behar zen gero.

Garaiz heldu behar dugu etxera, bihar oso goiz altxatu behar dugu eta. / Garaiz heldu behar gara etxera, bihar oso goiz altxatu behar gara eta.

 

3/ Baina Euskaltzaindiak arau bat atera zuen auzi honen gainean: 113. araua (interesgarria da oso-osorik irakurtzea). Funtsean gomendatzen du edun aditz laguntzailea erabiltzeko beste aditza edozein sailetakoa delarik ere; beraz, hobetsi egiten ditu:


 Aitari bazkaria eramatera joan behar zuen gero.

Garaiz heldu behar dugu etxera, bihar oso goiz altxatu behar dugu eta.

 

(salbuespen gisa, NOR-NORI saileko aditzekin, izan laguntzailea erabiltzen da: Daraman zama lurrera erori behar zaio...)

Araua ez da, baina, oso hertsia: azken puntuan, ohartarazten du izan laguntzailea erabiltzea ez dela gaitzestean. Baina badirudi aurreko formak bakarrik bultzatu nahi dituela.

 

 Oharra: Sinplifikatzearren, izan (naiz, litzateke, litzaizkioke...) eta edun (dut, luke, genioke...) aditz laguntzaileak bakarrik aipatu ditugu, baina –hurrenez hurren– edin (ninteke, gaitezen, daiteke...) eta ezan (nezake, zenezan, diezaioke...) aditz laguntzaileei ere aplikatu dakieke esandako guztia.