Galdera

 

Nola deklinatu behar dugu Internet: Internetean/Interneten? Ikasleei agindu diedan idazlanean, gehienek "interneta" jarri dute. Ontzat eman behar diet?

 

Data: 2012/10/05



Erantzuna

 

Galdetu diguzu ea nola deklinatu behar den Internet hitza.

 

Hona erantzuna: Inguruko hizkuntza gehienetan bezala, letra larriz idazten da Internet, eta izen berezi gisa deklinatzen: Internet, Interneten, Internetekin, Interneti...

 

Hori da EIMAk bere Letra larriak erabiltzeko irizpideak liburukiko 2.2.3.6. ataltxoak jorratzen duen (43. or.) gaia, hain zuzen ere: Internet hitza. Bertan topatuko duzu gure erantzuna, eta bai informazio gehigarria ere; esaterako, Internet ez bezala, infranet, intranet, estranet... letra xehez idazten direla, eta hitz arrunt gisa deklinatzen.

 

Aipatu diguzun idazlanean "interneta" idatzi dizuten ikasleei, beraz, jakinarazi behar diezu konbentzioen kontrako idazkera erabili dutela. Azaldu diezaiekezu lehen fasean konbentzio batzuk ezartzen direla, baina aldatu ere egin litezkeela denborarekin, gizarteak bestela erabiltzen badu nagusiki; adibidez, EIMAren liburukian kontrakoa esaten bada ere, Espainiako Akademiak erabaki berri du letra xehez zein larriz idatzi daitekeela Internet. Eta oso interesgarria izan liteke jakitea zergatik erabiltzen duten artikulu eta guzti: edo euskaldun sena oso garatuta daukatelako (han-hemenka ikusten diren Harategi, Batzoki, Udaletxe... idatzi dituztenek ez bezala), edo, kontrara, gazte batzuek (eta ez horren gazteak direnek ere) erdaraz hitz egitean erabiltzen duten el internet / la internet delakoa kalkatu egiten dutelako (gaztelaniaz ere sekulako saltsa daukate kontu honekin...).