Galdera

 

Ezezko esaldi hauek ondo daude?

                  Errezetaren sekretua ez digu irakatsi. 

                  Ez gu salatu Erregeren aurrean.

 

Data: 2012/10/08



Erantzuna

 

 

Galdetu diguzu ea zuzenak diren bi esaldi hauek: “Errezetaren sekretua ez digu irakatsi” eta “Ez gu salatu Erregeren aurrean”.

 

Zer esanik ez, biak dira zuzenak.

 

Ez dakigu zerk eroan zaituen zalantza izatera; uste dugu hitzen ordena izan litekeela, izatekotan, baina ez daukagu batere argi. Dena dela, komentatu dezagun zertxobait horretaz, nahiz eta ezezko esaldietan baiezkoetan baino zailagoa izan denok adostutako estilo baterantz lerratzea.

 

Hitz egiten dugunean, idaztean baino tresna gehiago ditugu komunikatzeko: intonazioa, keinuak… Beraz, hiztun gisa arrakasta handiagoa izan dezakegu adierazi nahi duguna adierazteko, ondo jakiten dugu-eta non jarri indarra. Baina idazteko orduan ez da horren erraza, ez dago-eta intonazioa adierazterik, edo galdegaiak behin eta berriro markatzerik…: estandar bat bilatu beharko genuke testu zati bat hartu eta denok berdintsu ulertzeko.

 

Hartu dezagun zure lehen esaldia, eta ikusi dezagun zer ulertu beharko litzatekeen estandar horretan elementuen ordena aldatuta:

 

1. “Errezetaren sekretua ez digu irakatsi”:

 

Irakurle gehienek ulertuko lukete galdera inplizitua bai/ez formakoa dela:

 

Irakatsi dizue (errezetaren sekretuaz ari gara)?”.

 

Ezezkoetan, erantzuna da: “(Ez,) ez digu irakatsi errezetaren sekretua” / “(Ez), Errezetaren sekretua ez digu irakatsi”

 

Baiezkoetan, berriz: “(Bai,) irakatsi digu errezetaren sekretua”.

 

2. “Errezetaren sekretua ez digu irakatsi”:

 

Zaila da norbaitek interpretatzea bai/ez formako galderan aditza bera dela fokua, oso-oso gutxitan egiten baititugu halako galderak, baina bada –teorian, behinik behin– posible: “Irakatsi egin dizue (errezetaren sekretuaz ari gara)?”.

 

Ezezkoetan, erantzuna da: “(Ez,) ez digu irakatsi errezetaren sekretua” / “Errezetaren sekretua ez digu irakatsi (: paper zahar bat lapurtu genion, eta bertan zekarren)”

 

Baiezkoetan, berriz: “(Bai,) irakatsi egin digu errezetaren sekretua”.

 

3. “Errezetaren sekretua ez digu irakatsi”:

 

Hori irakurritakoan, testuinguru egokia faltan dugula, are zailagoa da interpretatzea “errezetaren sekretua” dela galdegaia; horretarako, galdera inplizitua hau izan beharko litzateke: “Zer ez dizue irakatsi?”.

 

• Erantzunean, aurrekoetan ez bezala, “errezetaren sekretua” galdegaian jarri behar duzu enfasia: “Errezetaren sekretua ez digu irakatsi”.

 

Pentsatu noiz egiten dituzun horrelako galderak. Esaterako, norbaitek esan “XXXX ez digu irakatsi”, guk lehen zatia ulertu ez, eta oihartzun gisa, egitura errepikatuz, egiten dugunean: “Zer ez dizue irakatsi?”. Edo, aurretik gure ikasleek beste irakasle bat izan dutela, galdetu diezaiekegu: “Zer ez dizue irakatsi? (Neuk irakatsiko dizuet)”. Ikusi dezakezunez, nahiko bitxiak dira testuinguruok. Horrelako galderak ez dira batere ohikoak, salbu eta galdetzailea zergatik denean: “Zergatik ez zatoz nirekin jaira?”, “Zergatik ez didazu irakasten zeure sekretua?”…

 

4. “Ez digu errezetaren sekretua irakatsi”:

 

Kasu honetan, ukatzen duguna da [errezetaren sekretua irakatsi], oso-osorik. Beraz, horren segida logikoa izan liteke: “Ez digu errezetaren sekretua irakatsi, baizik eta zenbat irin bota behar zaion gehienez”.

 

Letra tamaina txikian jarri dizkizugu bigarren eta hirugarren kasuak, interpretatzen zailak direlako, eta idazkeran ezerk ez gaituelako bultzatzen horrela interpretatzera. Funtsean, lehen eta laugarren kasuak dira ohikoenak. Hala ere, gaur egun, askotan ikusten dira laugarrenak bezalako bokatak, elementu desegokiak daudela mortadelari dagokion tokian, edo elementu asko pilatuta bertan… (“Ez gara azalpen honetan beste batzuetan bezala asko luzatuko”); seguruenik, gaztelaniatik urrun dauden formak direnez, jatorragoak-edo direla pentsatzen duelako jendeak. Batzuek perpaus osoak ere sartzen dituzte mortadelaren lekuan, eta, hala eginez, kate ulergaitzak sortzen:

 

• “Nik ez nieke inoiz ulertuko ez nukeen izenik jarriko neure platerei” → “Nik neure platerei ez nieke inoiz jarriko ulertuko ez nukeen izenik”

 

• “Patxik ez du bere amets guztiak bete dituela esan” → “Patxik ez du esan bere amets guztiak bete dituela”

 

Bigarren bertsioak askoz ere hobeto ulertzen dira, ezta?

 

Aurrekoaren arabera, pentsatu liteke “Ez gu salatu Erregeren aurrean” zure bigarren esaldian gu hori ukatzen denaren zatia dela. Baina esaldi hori aurrekoak baino are testuinguru markatuagoetan bakarrik esan liteke: ezezkoa da, eta aldi berean agindua, edo erregua, edo mehatxua… Testuinguruan, ederto batean ulertu daiteke. Bestalde, gramatika aldetik erabat zuzena da: gogoratu Aita gurearen zatia: “[…] eta ez gu tentaldira eroan / baina atera gaitzazu gaitzetik”.