Galdera

 

Diru kantitatea idazterakoan, zalantza dugu aditza singularrean edo pluralean erabili behar den: nola idatzi beharko genuke? '400 euro lortu ditugu' ala '400 euro lortu dugu'?

 

Data: 2012/10/18



Erantzuna

 

Galdetu diguzu zein den bi hauetatik zuzena: "400 euro lortu ditugu" edo "400 euro lortu dugu".

 

Hona erantzuna: biak dira zuzenak. Baina, gaur egun, euskaldun gehien-gehienok plurala erabiltzen dugu.

 

1) Euskaltzaindiari egin zioten antzeko kontsulta bat, eta hau erantzun zuten Jagonet zerbitzuan:

 

Bi aukerak dira zilegi, bai singularrekoa bai pluralekoa, zenbatzaile zehaztugabeekin ere:


"Lagun ugari bildu zen jaialdira" / "Lagun ugari bildu ziren jaialdira"


Zenbakiak direnean, ordea, askoz ere arruntagoa da pluraleko komunztadura, singularrekoa ere ontzat eman behar den arren:


Bi enpresa sortu ziren.

Bi enpresa sortu zen (gutxiagotan).

 

2) Badaukagu beste iturri bat jakiteko gaur egun nola erabiltzen diren berbak: Ereduzko Prosa Gaur (EPG). Bertan ikus dezakezu nola erabiltzen diren euskara modernoan hitzak beren testuinguruan. Hitz bat aukeratuz gero, hitz hori biltzen duen esaldia bistaratuko zaizu, eta xehetasun guztiak emango dizkizu aplikazioak: nork erabiltzen duen, nondik hartua den, eta abar. Eta halaxe egin dugu: euro lortu eta euro irabazi bilatu ditugu (euro, hitz gisa, eta lema gisa lortu eta irabazi, 1eko distantziara); esteketan klikatzen baduzu (eta gero "prentsa" erlaitzean sartu), adibide guztiak ikusiko dituzu: nabarituko duzunez, agerpen gehienetan -askogatik- pluralean egiten da komunztadura. Sartu eta saltseatu: merezi du kontsultatzea!

 

3) Bestela jokatu behar da beste aditz batzuekin:

 

1) Iraun: "Hogei urte iraun zuen boterean", eta ez "Hogei urte iraun zituen boterean".

2) Balio izan: "Ehun milioi balio du txaletak" edo "Ehun milioi balio ditu txaletak", biak daude ondo.

3) Kostatu / Kosta: "Ehun milioi kostatu zaigu txaleta", eta ez "Ehun milioi kostatu zaizkigu txaleta".

 

Badago Euskaltzaindiak gai honen gainean argitaratutako artikulu bat :

 

Euskaltzaindia (Gramatika Batzordea): “Okerrak zuzenduz”, in Euskera 1994-3, 39. liburukia (911.-965. or.).

 

Iraun, balio izan, kostatu, luzatu, neurtu, pisatu eta garestitu/merkatu aditzak nola erabili azaltzen dute txosten horretan (pdf formatuan doakizun dokumentuko 101.-111. orrialdeetan).