Galdera

 

Kafe-makinetako edarien izenak nola eman euskaraz? Hona hemen nere proposamenak: "café express" = "kafe espresa", "café cortado" = "kafe ebakia", "café con leche" = "kafesnea", "capuccino" = "cappuccinoa", "café solo" = "kafe hutsa" edo "kafe beltza", eta "descafeinado" = "kafeinagabea".

Ez dakit nola eman beste hauek: "café largo", "café corto" eta "leche manchada".

 

Data: 2012/10/27



Erantzuna

Konforme gaude guztiekin, salbu eta kafe beltzarekin: gure ustez, kafe hutsa erabili beharko zenuke café solo euskaratzeko, eta kafe beltza kafe kontzentratuari esateko.

Café largo, café corto eta leche manchada euskaratzeko, hona gure proposamenak:

 

 

1) Café largo: Kafe luzea

 

• Kafe-makina askotan ikusten da kafe luzea esapidea. Dirudienez, guztiz zabalduta dago, eta hiztegi berezituetan ere azaltzen da; esaterako, Ostalaritza Hiztegian (29. or.).

(Kafe) espresa ur askorekin ere izan liteke ordain egokia (ikus beherago café corto).

 

2) Café corto: (Kafe) espresa ur gutxirekin


Itzul posta zerrendan, behin hala, zeuk eginiko galdera bertsua argitaratu zen. Jaso zuen erantzun bakarrean, kafe hutsa proposatu zuten. Baina, zure mezua ondo ulertu badugu, café solo euskaratzeko erabili duzue –ederto erabilita, noski– kafe hutsa delakoa.

• Beraz, kafe espresa izan liteke ordain egokia, baina hori ere beteta daukazue café express euskaratzeko. Aukera gehiegi ditu zuen makina demonio horrek!

• Zer da café corto bat? Antza denez, kafe espresa da abiapuntua (30-35 ml ur): ohi baino ur gehiago botaz gero, kafe luzea lortzen da (60-90 ml ur); ohi baino ur gutxiago botaz gero (20 ml), ostera, café corto delako hori.

• Makina gehienetan, ez dago zurean bezainbeste aukerarik, eta nahikoa izaten da bietako bat markatzea: kafe hutsa eta kafe luzea, esaterako; edo kafe espresa eta kafe luzea (edo hirurak). Arazoa izaten da oraingoan bezain fin jokatu behar dugunean.

Kafe laburra edo kafe motza onartzea izan liteke irtenbide bat, nahiz eta, bistan dagoenez, kalko hutsak izan. Baina gauza bera gertatzen da kafe luzearekin, kafe ebakiarekin, eta beste hainbatekin; azken horiek, ordea, egina dute bidea euskaraz, eta gaur egun ez ditu inork zalantzan jartzen. Eta horixe da, gure ustez, kafe laburra esapideak izan lezakeen arazoa: Orain arte, nork noiz erabili du? Bagara gu nor terminoak edo sasiterminoak asmatzeko? Ez daukagu batere argi, kasu honetan behinik behin: zalantza handiak edukiko genituzke kafe laburra gizarteratzeko, eta, hala eginik ere, gizarteak ez du zertan onartu, beste (sasi)termino batekin edo batzuekin lehian egonez gero.

• Uko egiten badiogu geure buruari terminoak asmatzea, irtenbidea da azaltzea zer den café corto hori (adibide honetan bezala: gazt. acuse de recibo, eusk. jaso izanaren agiria): (Kafe) espresa ur gutxirekin, edo antzeko zerbait. Horixe proposatu dizugu, jakinik ere (kafe hauetan legez) hanka bat motz eta bestea luze dituelarik geratu zaigula erantzuna.

 

3) Leche manchada: Kafesne zuria

 

Itzul posta zerrendan, leche manchada ere nola euskaratu kontsultatu zuten, eta, aurrekoan ez bezala, erantzun askotxo jaso zituen galderak. Proposamen haietako batzuk aldatuko dizkizugu hona: kafesne arina (baina café con leche corto de café esateko ere balio lezake), esnea kafe pixka batekin (azalpena), esne belztua, kafesne esnetsua, kafesne zuria… Interesgarria da elkarrizketa osoa irakurtzea, eta horrexegatik txertatu dizugu esteka.

Leche manchada, zer esanik ez, kalkoa da: italierazko latte machiatto esapidea (kontuz: maskulinoa da latte italieraz!) du jatorria. Gaztelaniaz ez beste hizkuntzetan, bere horretan utzi dute: latte machiatto. Eta bada hori erabili zenezakeen beste aukera bat, arazo hau duena: ulertuko luke jendeak begiratu batean?