Galdera

 

Zelan esan 'evaluación formativa' eta 'evaluación sumativa'? Hezkuntza Administrazioko Hiztegian: 'prestakuntzazko ebaluazioa' eta 'bildumazkoa ebaluazioa'.


Data: 2012/10/31



Erantzuna

 

Ebaluazio formatibo / Ebaluazio sumatibo

 


1) Nafarroako EIBZk (Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa, IRALEren parekoa) elaboratu zuen Hezkuntzako Hiztegian bilatu dezakezu, zuk aipatutako Hezkuntza Administrazioko Hiztegia dezente zaharkituta geratu delako. Hau topatu dugu EIBZrenean:


eus - ebaluazio hezitzaile / ebaluazio formatibo

cas - evaluación formativa

 

eus - bildumazko ebaluazio / ebaluazio sumatibo

cas - evaluación sumativa

 

2) Euskalterm berrian, berriz,

 

eus - ebaluazio formatibo (Hiztegi terminologikoa, 2002; kontsulta-fitxak, 1995) / prestakuntzazko ebaluazio (Hiztegi terminologikoa, 2001)

cas - evaluación formativa

fr - évaluation formative

en - formative evaluation

 

eus - bildumazko ebaluazio (Hiztegi terminologikoa, 2000 eta 2001) / ebaluazio sumatibo (Hiztegi terminologikoa, 2000)

cas - evaluación sumativa

en - summative evaluation

 

3) Kontuan hartu bi iturritan topatutako ordainak baino ez dizkizugula aldatu aurreko puntuetan; jakina, badaude gehiago, handik-hortik-hemendik topatu ditzakezunak: ebaluazio formatzaile, ebaluazio hezigarri.... Batek baino gehiagok kontrakoa uste duen arren, ez da batere aberasgarria euskaraz horrenbeste ordain egotea. Benetan asko aurreratu dugu azken urteotan terminologia kontuetan, baina inguruko erderen eraginak, normalizazio faltak eta gure gabeziek nabarmen oztopatzen dute terminorik egokiena zein izan litekeen aukeratzea, eta hezkuntza komunitatera (gure kasu honetan) zabaltzea.

 

4) Guk geuk ebaluazio formatibo eta ebaluazio sumatibo terminoak erabiliko genituzke. Zergatik? Hainbat forma baliokide lehian daudenean, erabilerak berak markatzen du gehienetan zeinek izango duen arrakasta, eta zeintzuk geratuko diren baztertuta. Eta faktore batek baino gehiagok hartu lezake parte prozesu horretan; kasu honetan, faktore nagusia izan liteke zabaltze-lanetan ari diren erakundeek zer forma lehenesten duten. Beraz, Europako Erreferentzia Markoa HABEk euskaratutako eta Hezkuntza Sailak argitaratutako dokumentura jo, eta ebaluazio formatibo eta ebaluazio sumatibo erabiltzen dituztela konturatu gara (9. kapitulua: "Ebaluazioa", 199.-218. or.); gainera, Berritzegune Nagusian kontsulta egin, eta aitortu digute bi forma horiek erabiltzen dituztela gehienbat. Horra zergatik aukeratu ditugun ebaluazio formatibo eta ebaluazio sumatibo.