Galdera

 

'Goza dezazuela espero dugu': zuzena da? Ala 'gozatzea' behar du izan? 

 

Data: 2012/11/05



Erantzuna

 

Dokumentu batean "Hau da martxan jarri dugun motxila bidaiaria. Familian goza dezazuela espero dugu" idatzi duzue, eta galdetu diguzu ea zuzena den bigarren zati hori.

 

Gure ustez, zuzena da; hala ere,...

 

Ikertzen ibili gara nola erabiltzen den espero izan aditza, zer motatako perpausak izan daitezkeen haren osagarriak.

 

1) Perpaus osagarria, jokatua ala ez jokatua?

 

Biak daude aukeran (seguruenik, gehiagotan erabiltzen da ezjokatua, baina estatistika eta estilistika kontua baino ez da):

«Eta espero dugu hemendik aurrera ere bien arteko harremanak sendotzea» (Berriatik)

«Denek espero zuten txapeldun izatera iritsiko zela» (Hiztegi Batuko adibidea, espero izan sarrera lexikalean dagoen bakarra)

 

Zure kasuan, "Familian gozatzea espero dugu" badozu esateko beste modu bat. Baina arazo bat dauka: ezjokatua denez, ez badago erreferentziarik, ulertu liteke "[guk] familian gozatzea [guk] espero dugu". Beraz, horrelakorik egin nahi izanez gero, hobe duzu "zuek" horren erreferentzia nola edo hala txertatzea nonbait: "Hau duzue martxan jarri dugun motxila bidaiaria. Familian gozatzea espero dugu" (edo horrelako zerbait; seguru badaudela irtenbide dotoreagoak).

 

2) Osagarri jokatua aukeratuz gero, indikatiboan edo subjuntiboan?

 

Honetan ere, biak daude aukeran, gure ustez (baina askoz ere ugariagoak dira indikatibozko perpaus osagarriak):


«Saiatzen gara aldatzen ideiak, erakundeak, gizarte antolaera, kultura; eta, ondorioz, jendea ere bere burua aldatuz joango dela espero dugu» (Joxe Azurmendiren adibidea)

«Osasun Sailak Nafarroako Plan Onkologikoarekin aurrera jarrai dezala espero dugu» (Berriatik)

 

Jakingo duzunez, osagarri subjuntiboa erabiltzen da nahia, eskaria, agindua eta horrelakoak adierazten dituzten aditz gobernatzaileekin, eta sail horretakoa da noski espero izan aditza. Hori dela-eta uste dugu zuzena dela zure adibidea. Hala ere, Ereduzko Prosa Gaur corpus arakatzailean "espero + dugu" kontsultatu, eta agertzen diren 283 esaldietatik bospaseitan bakarrik erabili da subjuntiboa; eta hori, nolabait esanda, bada esanguratsua.

 

Zure kasuan, beraz, indikatiboan ere eman dezakezue esaldia: "Hau da martxan jarri dugun motxila bidaiaria. Espero dugu familian gozatuko duzuela".

 

3) Subjuntiboa aukeratuz gero, -eN edo -eLA amaierarekin?

 

Gaur egun asko erabiltzen bada ere, gutxi gorabehera 1860an erabili zen lehenengoz espero izan aditza dokumentu idatzi batean. Beraz, oso adibide gutxi eskaintzen dizkigu hau bezalako kontsultetan erabiltzen dugun iturri nagusiak: Orotariko Euskal Hiztegiak, hain zuzen ere. Teorian, nahia adierazten duten aditz gobernatzaileekin, -eN amaiera da erabiliena, baina zenbaitetan aukerakoa da bata edo bestea erabiltzea, bien artean batere alderik sumatzen ez delarik. Ereduzko Prosa Gaur-en aurkitu ditugun bospasei adibideotan, baina, -eLA amaiera erabili dute batean izan ezik beste guztietan:

 

«Ez bada guztia konpontzen, gutxienez hurbiltzeko saioa egin dezatela espero dugu» (Berriatik)

 

«Espero dugu bizitza luzea eduki dezan» (Paddy Rekalderen adibidea)

 

Amaitzeko: Zubiritarren Euskal Gramatika Osoa eskuliburu famatuak "Denak gaindi ditzazun espero dut" adibidea dakar "guraria edo nahia adierazten duten perpausak" atalean (447. or.). Beraz, kontu hau ez dago batere argi.

 

Eta bidenabar esanda: "Hau da martxan jarri dugun motxila bidaiaria. Familian goza dezazuen espero dugu" aldaera ez du azpimarratzen Xuxen zuzentzaileak; zuzentzat jotzen du, beraz, -eLA amaierakoa ez bezala.

 

Esandako horregatik guztiagatik, aholkatzen dizugu hurrengo batean behinik behin zuhurrago jokatzea, erdarazko moldeetatik aldentzea, eta bestelako egitura freskoagoetara jotzea.

 

- "Hau da martxan jarri dugun motxila bidaiaria. Goza ezazue familian!"

- "Hau da martxan jarri dugun motxila bidaiaria. Ea gozatzen duzuen seme-alabekin batera irakurrita!"

- "Hau da martxan jarri dugun motxila bidaiaria, familian goza dezazuen"

- ...

 

Oharra: Gramatika kontuetarako, Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika. Lehen Urratsak-V (Mendeko Perpausak-1) izan da gure iturri nagusia; gehienbat, 1.5. atala: "Subjuntibozko perpaus osagarriak" (131.- 145. or.). Behar besteko pazientzia biltzen baduzu, irakurri ezazu: horra gure gomendioa.