Galdera

 

Jakin nahi dut aukera hauen artean zein den zuzena:

-Nork arraio apurtu du atea?

-Nor arraiok apurtu du atea?

-Nork arraiok apurtu du atea?

 

Data: 2012/11/12



Erantzuna

 

Jakin nahi duzu "Nork arraio apurtu du atea?", "Nor arraiok apurtu du atea?" eta "Nork arraiok apurtu du atea?" hiru formetatik zein den zuzena.

 

Aitortu beharrean gaude: lehen biak zuzenak dira, baina ez dakigu hirugarrena zuzena ote den. Saiatuko gara azaltzen gure erantzun halamoduzko hori.

 

1) Bi kontu guztiz desberdinak dira zeintzuk erabiltzen dituzten hiztun normalek, eta beste bat zer forma den zuzena. Esan nahi dugu: zuzena da (hizkuntza akademiak ezarri duen) arau baten araberakoa: esaterako,

 

“Ikusi zaitut kalean” orokorra esan beharrean, euskal hiztun (on) batzuek “Ikusi deutsut kalean” esaten dute, NOR-NORK saileko adizki batzuk galdu egin direlako euren herriko euskaran; jakina, erabilera hori ez da zuzena euskara estandarrerako.

 

Beste euskaldun askok “Ez zaio gustatzen mendietaz hitz egitea” esaten dute, baina Euskaltzaindiak, deklinabidea arautu behar izan zuenean, erabaki zuen pluralerako marka ‘-ez’ izango zela ZERTAZ kasuan, euskara batuan; beraz, “ez zaio gustatzen mendiez hitz egitea” da erabilera zuzena.

 

Gramatika liburu ofizialetan arakatu dugu, eta ez dugu ezer topatu kontu honen gainean. Baina, behin hala, unibertsitateko irakasle batek galdera bertsua egin zuen EHUko kontsulta zerbitzuan, eta erantzun zioten: “Bi egiturak dira onargarriak, nork arraio eta nor arraiok”. Badakigu, gainera, Euskaltzaindiaren Gramatika Batzordeak biak ematen dituela ontzat, kontsulta horretako fitxan ageri denez. Baina hirugarren aukerarekin daukagu zalantza.

 

Beraz, Euskaltzaindira bideratuko dugu azken puntu hori, ea zer dioten; eta berehala osatuko dugu erantzun hau. Luze joan liteke, baina…

 

2) Baina, kontsultatu dizkiguzun formetatik, zein erabiltzen dituzte gehienbat euskaldun normalek? Horrelakoak erantzuteko, bi iturritara jotzen dugu gehienbat: Euskaltzaindiaren hiztegi historikora (Orotariko Euskal Hiztegia), hitz bakoitzaren pean historian hartu dituen adiera guztiak eta adibide ugari eskaintzen dizkigulako; eta 2000. urtetik aurrera argitaratu diren Berria eta Herria agerkariak eta ehunka liburu aukeratu biltzen dituen Ereduzko Prosa Gaur corpusera; gainera, oso eroso egiten zaigu gaur egun bertan bilatzea, bi-biak daudelarik Euskalbar Mozilla Firefox nabigatzailerako tresna barran. Halaxe egin dugu, eta hona gure bilaketaren emaitzak:

 

Ø NORK kasurako:

 

Ereduzko Prosa Gaur corpusean, parekatuta daude lehen bi formak, eta gutxiagotan agertzen da hirugarrena:


a. Nork arraio (zerk arraio, nork demontre, nork demonio…): 8 agerraldi.

 

b. Nor arraiok (zer arraiok, nor demontrek, nor demoniok…): 8 agerraldi.

 

c. Nork arraiok (zerk arraiok, nork demontrek, nork demoniok…): 2 agerraldi.

 

Ibon Sarasola euskaltzainaren Euskal Hiztegian (eta, orain, baita Euskaltzaindiaren Hiztegian ere), bitxia bada ere, “Nork arraiok izenpetu du hori?”.

 

Zubiritarren Euskal Gramatika Osoan, berriz, “Nor arraiok esan du txorakeria hori?” adibidea ageri da, eta espresuki adierazten da nork arraiok forma gaitzestekoa dela.

 

Ø Beste kasuetarako, honelakoak topatu ditugu (jakina: zer arraio, nor arraio, nola/zelan arraio, noiz arraio… forma bakarra hartu dezakete, eta oso-oso ugariak dira) orain arte aipatu dizkizugun iturrietan (gehienbat, Ereduzko Prosa Gaur):

 

Horiez gain, bestelako iturrietan honakoak ere aurkitu ditugu: nor arraiorekin, norekin arraio, non arraiotik, zertaz arraio, zertara arraio, zertarako arraio…

 

3) Dokumentu erantsi gisa doazkizu zenbait adibide (NORK kasurako), pazientzia apur batekin irakurri ditzazun, nahi izanez gero. Bistan denez, gutxiago erabiltzen da nork arraiok (eta parekoak).

 

Baina kontuz!: ez dira nolanahiko idazleak egitura hori erabili dutenak.


                 a) Ibon Sarasola euskaltzain osoa da, eta Euskaltzaindiak bere egin du Ibonen adibidea argitaratu berri duen hiztegian sartzeko.

             b) Kasu bat nabarmentzearren: “Nork demontrek egin zuen, orduan, Heriorena?” corpusean aurkitu duguna gure idazle kanoniko batena da: Anjel Lertxundirena, hain zuzen ere. Besteak Fernando Rey, Karlos Linazasoro eta Hasier Etxeberriarenak dira.

             c) Bada, gainera, A. Egañaren bertso bat sarean, hau dioena: “Tonbolan edo non arraiotan / lortu huen hik txapela”.

             d) Gainera, badakigu kasu marka bi elementuetan jartzearena bizi-bizirik dagoela zenbait hizkeratan.

      

         Horregatik guztiagatik, nekez eman dezakegu gaitzestekotzat nork arraiok egitura, Euskaltzaindiak kontrakoa ez badiosku, behinik behin.