Galdera

 

Nola esan: 'beltzekoa' ala 'beltzezkoa'? 

 

Data: 2012/11/12



Erantzuna

 

Galdetu diguzu beltzeko edo beltzezko forma bi horietatik zein erabili behar den.

 

Biak dira zuzenak, baina beltzezko ZEREZKO galdera (inplizitua)ren erantzuna bakarrik izan daiteke.

 

1) Hau da, sukaldeko altzarien gainalde batzuk marmolezkoak izaten dira; marmol hori beltza bada, marmol beltzezko gainaldeak izango dira.

Era berean, etxe batzuk harrizko etxeak dira; Baztan aldean, bertako harri gorria erabiltzen dute etxetzarrak eraikitzeko: Arraiotzeko Jauregizarrea, esaterako, harri gorrizko dorretxea da.

 

Beltzezko bera bakarrik ere maiz agertzen da. Esaterako, beltzez jantzitako norbaitez ari zen Guy de Maupassant hauek idatzi zituenean (Josu Zabaletaren itzulpena da: "Beltzezko gizona begira zegokion oraindik ere; pultsua hartu zion serioski, eta esan zuen [...]"; "Handik pixka batera beltzezko gizona sartu zen".

 

Adibide horiek, beraz, ZEREZ kasudun erlatibozko batekin berridatzi daitezke: "marmol beltzez egindako gainaldea", "harri gorriz egindako dorretxea", "beltzez jantzita doan gizona"...

 

(Ereduzko Prosa Gaur-en dituzu adibide ugari)

 

2) Beste batzuetan, -ko hori lotura soila da, adibide hauetan bezala (ikus Euskaltzaindiaren 34. araua):

 

adineko pertsonak

ondo egin beharreko lana

buru argiko irakaslea

beso luzeko mutilak

lau eta hiru hankako mahaiak

urte gutxiko haurrak

 

Horrelakoetan, beltzeko agertuko zaizu:

 

begi beltzeko lamiak

gorbata beltzeko agurea

 

Baina eta honelakoetan ere bai:

 

Itsaso Beltzeko urak (kasu honetan, NONGO kasua dago -ko horren azpian)

negu beltzeko elurteetan (NOIZKO)

 

Ikusiko duzunez, horiek ezin dituzu ZEREZ kasudun erlatibozko batekin berridatzi: "begi beltzak dituzten lamiak", "gorbata beltza daraman agurea", "Itsaso beltzean dagoen ura", "negu beltzean izaten diren elurteetan"...

 

3) Zenbaitetan, bietara interpretatu liteke zer dagoen egitura horren pean, eta seguruenik aukera biak dira zuzenak:


zuri-beltzezko filmak / zuri-beltzeko filmak


Are gehiago: baliteke beltzezko guztien ordez beltzeko erabilita denak izatea zuzenak.