Galdera

 

Desberdintasuna dago ezagutzaren gizartea eta jakintzaren gizartea esaten dugunean?

 

Data: 2012/11/16



Erantzuna

 

 

Biak erabiltzen dira kontzeptu berbera adierazteko.

 

 

1/ Aipatu dizkiguzun bi esapideok erabiltzen dira ingelesez (gehienetan bezala) sortutako "knowledge society" kontzeptua euskaraz emateko (gazt. 'sociedad del conocimiento', fr. 'société de la connaissance', al. 'Wissensgesellschaft'...).

 

Beste kontsulta batzuetarako idatzitakoa ekarriko dizugu hona: Euskaraz, sarri, itsu-itsuka ibili behar izaten dugu hasieran euskal ordain egokiak zein izan litezkeen asmatzeko, eta hala gertatzen dira gertatzen direnak: ordain posible bat baino gehiago azaltzen dira handik-hortik-hemendik. Gero, dena ondo joatera, gizarteratu diren proposamen horietatik bat nagusitzen doa apurka-apurka, zer taldek sostengatzen duen, eufonikoa edo kakofonikoa den... (mila arrazoi egon litezke). Zorte ona izan ezean, berriz, lehian jarraitzen dute forma batek baino gehiagok, eta erabiltzaile arruntok noraezean ibiltzen gara. Auskalo zer gertatuko den kasu honetan.

 

 

2/ Dokumentu bat erantsi dizugu erakusteko zure kezka hau aspaldiko dela; itzultzaileen arteko elkarrizketa bat da, auzi honen gainekoa: bertan ikusiko duzu zer-nolako arazoak dituzten berek ere. Eta beste bat, Gipuzkoako Foru Aldundiaren web-etik hartua: harrigarria bada ere, `Berrikuntza eta Jakintzaren Gizartea' eta 'Berrikuntza eta Ezagutzaren Gizartea' biak ageri dira orrialde berean (beharbada, aldatu diote sailari izena 2008tik hona).